Murrizketak ez dira ezinbestekoak

2015/10/13
ELAk erantzun egin dio Josu Erkoreka lehendakariordeari; honen arabera, murriztea ezinbestekoa da.

ELAren iritziz, Erkorekak aurkakoa esanagatik, erabat faltsua da murrizketak egiten jarraitzea ezinbestekoa denik; horren arrazoia beste bat da: Jaurlaritzak onartu eta bere egin ditu espainiar Gobernuak erabakitako doikuntza estrukturalak.

ELAk kontuak eskatzen dizkie euskal gobernuei eta aldundiei, hauek uko egiten baitiote diru-sarrerak hobetzeko zerga-politikari. Horregatik, ez dago baikor izateko arrazoirik, bihar Finantzen Euskal Kontseiluak izango duen bilera dela-eta. Urkulluren Jaurlaritzaren politika antisoziala da oraindik, hainbat arrazoi medio: Fiskalitateari behar bezala ez heltzeko erabakia, defizit mugaren onarpena eta lehentasuna zor publikoaren ordainari eman izana.

ELAk gogoratu du doikuntza politikarekin jarraitzeko asmoarekin Jaurlaritzak desberdintasunak, langabezia eta txirotasuna areagotzeko apustuari eusten diola.