ELAk dei egiten du azaroaren 8an Ziburun Ikastolak ez hunki lemapean burutuko den manifestazioan parte hartzera
Pasa den irailaren 1ean ezagutzera eman zen Paueko Administrazio Epaitegiaren ebazpenak eta Ziburuko auzapeza agertzen ari den jarrerak irtenbiderik gabeko atakan kokatzen dute Ziburuko Kaskarotenea Ikastola eta bertan ikasten duten hamairu ikasle eta familiak.
Izan ere, iparraldeko gainerako herrietan gertatzen den moduan, Ziburuko Ikastola da bertan irakaskuntza euskaraz burutu ahal izateko aukera bakarra eta inolako alternatibarik ezean guraso hauek ezingo lukete beraien seme-alabentzat aukeraturiko euskarazko eskolatzea gauzatu.
Egoera honetan, ikastolatik egin zaizkion proposamen ezberdinen aurrean, Ziburuko auzapezak oraindik ez du benetako alternatibarik plazaratu ikastolarentzat. Are gehiago, 3.470 €ko isuna ordaintzera behartu behartu du Ikastola, atzo bertan argia indarra eten dio, egunero ordaindu beharreko isuna 100€koa izan beharrean 400€koa izatea eskatu dio Paueko auzitegiari, eta Marinelan erabiltzen duen espazio publikotik kanporatzeko polizia bidaltzearen mehatxua egin berri du Guy Paulou auzapezak.
Beste behin ere, legeen interpretazio maltzurrek, epaileen ebazpenek eta politikari batzuen jarrerek iparraldeko beste ikastola baten etorkizuna kinka larrian jartzen dute.
Frantziar estatuak frantsesa ez diren gainerako hizkuntzekiko duen errekonozimendu eza, Iparraldearen onarpenik eza eta hezkuntza politika tamalgarria medio, ikastolak dira Iparraldean murgiltze ereduaren bitartez euskarazko eta euskal nortasunaren eta kulturaren baitako hezkuntza bermatzen duten ikastetxe bakarrak. Eta errealitate honen aurka egiten dute azken hilabete eta urteetan hartzen ari diren erabakiek.
ELArentzat Iparraldeko ikastolekin gertatzen ari dena orokorrean eta Ziburuko Ikastolaren egoera biziki larria da eta euskararen eta euskal kultura eta nortasunaren aurkako eraso onartezina.
Sindikatuak Kaskarotenea Ikastolari eta bertako familia eta langileei bere babesa osoa ematen die, borrokan jarraitzera animatzen ditu eta Ziburuko Herriko Etxeari eta auzapezari bertako ikastolarentzat alternatiba egoki bat aurkitzea eskatzen die.
Horregatik, auzi honi irtenbidea eman, Iparraldean ikastolak sufritzen ari diren jazarpena salatu eta Ikastolei ziurtasuna eta egonkortasuna emango dien irtenbidea aldarrikatzeko azaroaren 8an 16:00etan Ziburuko pilota lekutik abiatuta egingo den manifestazioan parte hartzera dei egiten die ELAK bere militante eta afiliatuei.
