Bizkaiko gasolindegietako akordioa sinatu da

2013/02/04
Gaur goizean Bizkaiko gasolindegietako sindikatuek eta AEVECAR patronalak akordioa sinatu dute. Hori dela-eta, behin akordioa idatzi eta sinatu ondoren, abenduaren 20an hasitako greba amaitu da

 

Akordioa AEVECARek izenpetu du bakarrean, CEBEK aparte geratu da, ez baitu onartu ezinbesteko klausula bat, hitzarmena beteko dela ziurtatuko duena. BETEARAZTEKO klausula. CEBEKen jokabidea gaitzestekoa dela iruditzen zaigu; izan ere, greban zehar alderdiak bilerak egitera premiatzen ibili da, eta AEVECAR (petrolio-enpresa handiak biltzen dituena: REPSOL, CEPSA, SHELL) itopuntutik abiatu denean, eta betearazteko klausula onartu duenean, CEBEKek atzera egin du.

Onartu den lan hitzarmenak gatazka honetarako erreibindikatzen genituen alderdi nagusiak jaso dira:

INDARRALDIA: 4 urte (2011-2014).

BETE GABE UZTEA: klausula bat jaso da enpresek hitzarmena bete gabe uzterik izan ez dezaten, ez alde bakar batez, ez nahitaezko arbitrajeen bidez.

AURRERA-ERAGINA: Erreforman ezarritako epea luzatu da, hurrengo hitzarmena negoziatzen den bitartean aurrekoak indarrean jarrai dezan.

SOLDATA-IGOERAK: Soldata-igoerak EAEko KPIri lotuko zaizkio. Horren ondorioz soldata-taulak %6,6 eguneratuko dira, eta gainera, 2012ko eta 2011ko atzerakinak ordainduko dira, %4,14 eta %2,10 hurrenez hurren.

MUGIGARRITASUN GEOGRAFIKOA: Proposamenaren puntu beltza da. Patronalak ez du mugarik jarri nahi, diziplina-neurri gisa erabili ahal izateko. ELAn ahaleginduko gara erabilera hori eragozten.

ELAren BALIOESPENA

1.- CEBEKek dio probintzia-hitzarmenak nahi dituela. Gezurra da. Bake soziala lortzeko nahi ditu, baina behin sinaturik ez du sinatutakoa betetzeko asmorik.

2.- Bizkaiko gasolindegietako langileen borroka eredugarria izan da, eta patronala makurraraztea lortu dute, hitzarmena desagerraraziz edo bete gabe utziz lan-baldintzak hondatu nahi zituen patronala.

3.- Lan-erreformaren alderdirik kaltegarrietatik babesean geratu gara, derrigorrezkoa izango baita hitzarmena betetzea.

4.- Erreformaren arriskuak askotarikoak dira, baina legeak uzten duen punturaino blindatu ahal izan dugu gure probintzia-hitzarmena. Dena dela, nolabaiteko ziurgabetasuna badago oraindik, ez baitakigu estatuko hitzarmenarekin zer gertatuko den, eta bestalde badago arriskua zenbait enpresa-hitzarmenetan beheranzkoak izateko. Erreformak irakatsi digu ondo antolatuta egotera, eta beti erne ibiltzera.

5.- Gasolindegietako gatazka beste bat gehiago izan da, eta emaitzak bistakoak dira. Oraingo egoera den bezalakoa izanda, lan-baldintzen alde borrokatzeko prest ez dagoenak galdu egingo ditu. Utzi diguten bide bakarra antolakuntza sindikala da, horixe da gure tresna borrokatzeko eta irabazteko. Gure tresna bakarra da, baina ikusi dugunez oso eraginkorra da. Erabakigarria da.