Gipuzkoako adinekoen hainbat egoitza eta eguneko zentro, duela hilabete greban

2013/06/13
Gipuzkoako adinekoen hainbat egoitza eta eguneko zentro, duela hilabete greban
Duela hilabete ELAk Gipuzkoako adinekoen egoitzetan grebari ekin zion. Orduan 40tik gora zentro zegoen grebara deituta, eta haietatik gaur 11 besterik ez dira geratzen. ELAk ADEGI eta LARES patronalei eskatzen die aintzat har dezatela sektorean gehiengo handiaren borondatea zein den: enpresa eta langileen arteko aurreakordioetan islatzen da borondate hori.

Duela hilabete ELAk Gipuzkoako adinekoen egoitzetan grebari ekin zion. Orduan 40tik gora zentro zegoen grebara deituta, eta haietatik gaur 11 besterik ez dira geratzen. Izan ere, adibidez aste honetan akordioak sinatu dira Lasarteko Atsobakar egoitzan, Eibarko Egogainen (maiatzaren 13tik orain arte greban zeudenak), eta Urretxuko eguneko zentroan. ELAk nabarmendu nahi du deialdiak lortu duen arrakasta, honez gero langileen %78 Rajoyren erreforma laboralaren eraginen aurrean blindatuta baitago, eta sektoreko lan-baldintzak zeharo hobetu baitira. ELAk espero du datozen egunetan greban dauden beste egoitza batzutan akordioak sinatuko direla, eta horrenbestez, esan daiteke prozesua geldiezina dela.

ELAk ADEGI eta LARES patronalei eskatzen die aintzat har dezatela sektorean gehiengo handiaren borondatea zein den: enpresa eta langileen arteko aurreakordioetan islatzen da borondate hori. Orain arte adostasunera iristeko modua izan da enpresekin, baina ez Gipuzkoako elite patronalekin. Gainera, salatu beharra dago ADEGIren eta LARESen jarrerak agerian utzi dituela bi gauza: batetik, sektorean ez daukatela benetako ordezkaritzarik, eta bestetik, hitzarmen sektoriala negoziatzeko solaskide eginkizuna ezinezko egiten duela.

ELAk dei egiten die ADEGIri eta LARESi azken proposamen sindikalaren arabera sina dezatela hitzarmen probintziala, eta eraman dezatela gero enpresetara, hauek berrets dezaten.

 

Bukatzeko, gogoratu dezagun amai jakinik gabeko grebak jarraitu egingo duela gatazkan dagoen azken enpresak aurreakordioa sinatzen duen arte, eta grebalariek eskubide honi eutsiko diotela, azken muturreraino.