Muñoz: "Elkarrizketa sozialeko mahaira doazenek Jaurlaritza babesten dute"

2014/12/10
Muñoz: "Elkarrizketa sozialeko mahaira doazenek Jaurlaritza babesten dute"
ELAk kargu hartu dio Jaurlaritzari 2015erako aurrekontu-proiektuagatik, gaur goizean Gasteizen izan den ekitaldi publiko batean. ELAk nabarmendu duenez, oraingoan ere Urkulluren gobernuak murrizketa sozial gehiago egiteko asmoa du. Halaber, pobreziaren eztanda gertatu arren, prestazio sozialak %7 jaitsi dira. ELAk galdegin du zerga-bilketaren inguruko politikak aldatu beharra dagoela gure gizartean pobreziak izan duen hazkundeari aurre egiteko.

Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiarekin batera arlo sozialeko, Osakidetzako eta kabinete teknikoko kideek hartu dute, Mikel Noval, Peio Igeregi eta Janire Landaluze, hurrenez hurren. Ekitaldia Gasteizko Auzolan frontoian izan da. Ondoren bertaratutako jendeak manifestazio bat egin du Legebiltzar induguraino; ia mila lagunek hartu dute parte.

Muñozek bere hitzaldian berretsi du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-politikaren oinarria murriztea dela, baina aldiz zerga bidez biltzen den dirua europar batez besteko mailatik beherago dago. "Europako batez besteko presio fiskala izango bagenu, 4.600 milioi euro gehiago bilduko lituzkete ogasunek”.

Elkarrizketa sozialeko mahaiari buruz ELAko idazkari nagusiak esan duenez errealitateak agerian uzten du ez dagoela elkarrizketa sozialik, eta “mahaira doazenek gobernuari babesa ematen” diotela. Halaber, kritikatu egin du patronala legitimatzea, traba egiten dioten sindikatuak legez kanpo jartzeko asmotan dagoenean. Hain zuzen, esan du Txikik, gobernuak eta patronalak ez dute nahi “botere enpresarialaren eta langileen bitartean ezer egoterik. Gu antolatzea eragozpen bilakatzen da eurentzat”.