Hitzarmena bere osotasunean berreskuratzen duen Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako akordioa

2014/10/09
Sindikatuen gehiengoaren eta patronalen adostasuna duen akordiorako edukiak azken urteetako gatazka bideratu eta hitzarmena oso-osorik berreskuratzen du; murrizketak ekidin; erreforma laborala saihestu eta enplegua egonkortzeko konpromisoa lortu.

Pasa den ikasturtearen erdialdean patronal eta sindikatuen artean negoziazioak eten ondoren, atzo bigarren aldiz elkartu ginen bi aldeak eta patronala sindikatuok hasieratik plazaraturiko oinarrizko aldarrikapenak onartzeko prest agertu ziren.

Beraz bihar burutuko den negoziazio bileran bukaera jarri diezaiokegu azken urteetako gatazka luze eta gogorrari, bereziki gogorra azken urtean, bost greba egunetik gora tarteko.

Akordiorako adostasuna duten edukien baitan:

  • Hitzarmena oso-osorik berreskuratzen da, eta patronalek Auzitegi Gorenean sartu zuten helegitea bertan behera geratzen da.

  • Hitzarmenaren ultraaktibitatea hurrengoa sinatu arte mantenduko da.

  • Hitzarmeneko soldata-taulen ordaina berrezartzen da, ahalik epe laburrenean, beti ere 2015 amaiera baino lehenago (eta 25.000 €tik beherako soldaten kasuan, berehala), zuzenean finantziazio publikoarekin lotu gabe.

  • Taulak bete-betean ordaindu arte metatu den zorra aitortzen da, eta hau kitatzeko modua arautzen da, itunpeko moduluen gehikuntzaren baitan izango bada ere.

  • Soberan dauden langileak birkolokatzeko eta sektoreko enplegua mantentzeko mekanismoak garatuko direlako konpromisoa jasotzen da. Halaber, gardentasuna hobetzeko eta langileen parte hartzea areagotzeko prozedurak ezartzen dira.

  • Hezkuntza Laguntzako Espezialistak irakaskuntza publikoko funtzio bera duten langileekiko %95ean homologatzen dira.

  • Zailtasun bereziki handiak dituzten ikastetxeei, betiere arazoak objektiboak eta behar bezala justifikatuak direnean, irtenbidea emateko aukera eskaintzen da; ezinbestekoa da, alta, langileen ordezkari legalen adostasuna, eta eragotzi egiten da erreforma laboralean jasotako derrigorrezko arbitrajea.

  • 58 urte betetzean eskola-orduen murrizketa erretiro partzial aurreratua berandutu duen erreformari egokitzen zaio, hiru aukera eskainiaz:

  • 58 urterekin, bi irakastordu eta hiru ordu presentzial gutxiago;

  • alternatiba gisa, 59 urterekin eskola-orduen %25 gutxitzea;

  • alternatiba gisa, erretiro partzial aurreratura iristean, murriztekoak diren irakastorduak metatzea, lanaldi hori urteko epealdi jakin batean modu jarraian burutu eta eskola-ordurik gabe izan dadin.

  • Eusko Jaurlaritzari dei egiten zaio murrizte politika bazter dezan eta marko juridiko propio eta egonkor bat ahalbidetu dezan, zeinaren arabera euskal hezkuntza-sistema gara daitekeen, baliabide gehiago eta hobeak izango dituena.

  • EAEko Gizarte-Ekimeneko ikastetxeetarako 2008-2009 Hitzarmen Kolektiboa berehala negoziazioari berriro heltzera premiatzen du.

Akordioa haonen baitan EAEko Gizarte-Ekimeneko itunpeko ikastetxeak estatuan Zapatero, Rajoy, Patxi Lopez eta Urkulluren murrizte politiketatik libre diren hezkuntza-esparru bakanetakoa bihurtu dira.

Hau ELAk sektorean duen ordezkaritza eta afiliazio maila handiari esker izan da; sindikatuak gatazkaren hasieratik izan duen lidergoagatik; gure eskubide eta erreibindikazioen defentsari tinko eutsi diogulako; sozializatu eta antolatzeko egin den lan handia medio, eta bost egunez grebara jo duten langile gehienen mobilizazio zabalari esker, sektorean ordezkatuta dauden ia sindikatu guztiek babesarekin.

ELAk esker ona adierazten die eta zorionak eman bere afiliatu eta delegatuei eta sektoreko langile guztiei, burutu duten lanagatik; erronkari eutsi egin diotelako egoera gaitzetan, tentsio handia zegoenean ere, eta hitzarmena baldintza hauetan berreskuratzea lortu dutelako.

Orain behin-betiko akordioa sinatu eta ikastetxe bakoitzean gero eta hobeto antolatzea dagokigu, akordioa aplikatuko dela bermatzeko eta hitzarmena berritzeko negoziaziorako prestatze aldera. Lortutakoa berebizikoa da; badakigu gure hitzarmena murrizketarik gabe mantentzea iritsi dugula, baina baita bide luzea geratzen zaigula urteotan galdutako erosteko ahalmena berreskuratu eta gure sektoreko oinarrizko erreibindikazioetan hobetzeko. .

Ordezkaritza sektorean: ELA %58, CC.OO. %16, STEE-EILAS %14, LAB %6, UGT %3.