ELAk Foruzaingoaren langile batzordearen presidentearen aurkako jazarpen politiko eta sindikalari aurre egingo dio
ELAk Foruzaingoaren Langile Batzordearen presidentearen aurkako espediente zigortzailea bertan behera uztea aldarrikatzen du. Nafarroako Gobernuaren Barneko Sailaren zigor proposamena araudiak aurreikusten duen altuena da (hiru hilabetekoa), eta askatasun sindikal zein politikoaren aurkako eraso bortitza besterik ez da. Horren atzean, Foruzaingoaren langileen ordezkari nagusiaren aurkako jazarpen politikoa baino ez dago.
Langile Batzordearen sindikatu guztiek espediente horren baliogabetzea eskatu zutela gogoratu behar da (eskaera ofiziala irailaren 30ean erregistratu zen), ordezkari sindikalen aurkako zigorrak ezin direlako ezarri “euren ordezkaritzaren ekintzen ondorioak baldin badira”, kasu honetan gertatzen den bezala. Ez da bidezkoa enpresa batek ordezkari sindikal bati horrelako zigor bat ezartzea bere zuzendaritza kritikatzeagatik. Aldiz, Nafarroako Gobernuak jazarpen sindikalari eusten dio 1.000 bat langile publikoen ordezkari nagusiaren aurka.
Zezen Plazako uztailaren 13ko dispositiboaren gaitasunik eza frogatuta dago Lehendakaritza, Justizia eta Barneko sailburuaren agerraldiaren ondoren. Javier Morrasek ezin zuen zalantzarik argitu eta ez zuen azaldu nahi hurrengo egunean dispositibo hori bera bertan behera uztearen arrazoirik. Bere trakestasuna ezkutatu nahirik, Barne Sailak adierazpen askatasunaren eta askatasun sindikalaren aurka jo du, Langile Batzordearen presidenteengan pertsonalizatuz. Errepresalia hutsa besterik ez da, eta ELA sindikatuak indar guztiz aurre egingo dio.
Barne Sailak zigorrarekin aurrera segitzen badu, ELA sindikatuak Langile Batzordearen presidentea defendatuko du bere informazio, datu eta baliabide guztiekin. Gauzak horrela, Barneko Erregimenaren ikuskari nagusiaren jokaera argi eta garbi geratuko da, ez dituelako egin eskatutako froga asko, eta Nafarroako Gobernuaren interes politikoen zein antisindikalen aurrean makurtu egin delako. Jokaera horrek bere ondorio judizialak izan ditzake, eta ELAk ez du, inondik inora, eskubide hori baztertzen.