ELAk uste du Eusko Jaurlaritza bat datorrela Madrilen erabakitzen diren politikekin
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen adierazpenen ostean -euskal herri-administrazioko langileentzako soldata izoztea iragarri du-, ELAk esan beharra dauka erabat aurkako jarrera duela, agian erabaki hori espero izatekoa bazen ere; beste behin nabarmen geratu da EAEko gobernuak ez duela autogobernua eta zerbitzu publikoak defenditzeko borondaterik. Izatez onartu egiten da Madrilen ordezkaritza huts izatea, eta handik datorrena otzan aplikatzen dute. Honek, azkenean, esan nahi du Jaurlaritza bat datorrela estatu mailan agindutako murrizte politikekin.
ELAren ustez eztabaida ez da juridikoa, borondate politiko kontua baizik. Murrizteko politikak onartu ala aurre egin, ez dago erdibiderik. Urkulluren gobernuak hartu duen jarrera oso argia da, Lopezena izan zen moduan. Zer alde dago, bada, orduko eta oraingo Jaurlaritzaren jardueran? Benetan gertatzen da bat datozela enplegua suntsitzeko eta zerbitzu publikoei erasotzeko politikei dagokienez. Madrildik etorritako murrizketa guztiak onartu ez ezik, beste neurri batzuk ere erabaki dituzte, besteak beste Osakidetzako 3.000 lanpostu suntsitzea ekarri dutenak.
ELAk salatu egin behar du, halaber, Jaurlaritzako bozeramailearen adierazpenetan gainerako administrazioentzako irizpideak ematen direla. Hau oso larria da; beste jokabide bat hartzea erabaki duten administrazioei ezin zaie bortxaz ezarri orain arteko bideari baztertzea, hots, agindu estatalei aurre egitea eta negoziazio-esparruak errespetatzea. ELAk ibilbide hau goraipatu egin izan du.
Azkenik, ELAk eutsi egingo dio zerbitzu publikoetako mobilizazioari, politika hauek errotik aldarazteko eta enplegu zein lan-baldintzak defenditzeko.