Mendebaldeko Sahara

ELAk Saharako herriari elkartasuna adierazteko Nazioarteko Konferentzia Sindikalean parte hartu du

2025/11/28
ELAk Saharako herriari elkartasuna adierazteko Nazioarteko Konferentzia Sindikalean parte hartu du
ELAk Saharar herriari elkartasuna adierazteko azaroaren 27an Parisen egin den Nazioarteko Konferentzia Sindikalean parte hartu du.

UGTSARIO sindikatu sahararrak Frantziako CGT, Solidaires, CNT, FSU, Confédération Paysanne eta USTKE sindikatuekin batera antolatutako konferentziak Europa, Afrika eta Latinoamerikako mugimendu sindikalaren ordezkaritza zabala bildu du. Landutako gaiak bi ardatzetan egituratu dira: Lurralde okupatuetako kolonizazioa eta horren ondoriozko baliabide naturalen ustiapena, eta lurralde okupatuetako nazioarteko eta laneko zuzenbidearen urraketa.

Konferentzian adierazpen bateratu bat onartu da. Bertan, besteak beste, parte hartu duten sindikatuek berretsi egin dute Saharako kausarekin duten konpromisoa, eta Mendebaldeko Saharan kolonialismoaren aurka borrokatzeko eta justizia soziala sustatzeko ekintzak egiteko konpromisoa hartu dute. Jardunaldiari amaiera emateko, elkarretaratzea egin da Parisko Errepublika plazan. 

Nazioarteko Konferentzia Sindikala bereziki garrantzitsua den une batean egin da; izan ere, joan den urriaren 30ean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 2797 (2025) ebazpena onartu zuen, Marokoren posizioa indartzen duen giro diplomatiko historikoa markatuz.

ELAk berretsi egiten du Saharako kausarekin eta autodeterminaziorako eskubidearekin dugun konpromisoa. Era berean, Nazio Batuen ebazpenen araberako erreferenduma egitea eskatzen dugu, saharar herriari bere etorkizuna erabakitzeko eta askatasunean bizitzeko aukera emateko.