VW NAVARRA

Ikuskaritzak justifikatu gabeko 146 kontratu ikusi ditu, eta 93 kontratu mugagabe egitera behartu du

Ikuskaritzak justifikatu gabeko 146 kontratu ikusi ditu, eta 93 kontratu mugagabe egitera behartu du
ELAk gutxienez sei salaketa aurkeztu zituen 2024aren hasieratik, iruzurrez kontratatutako 188 pertsona baino gehiagori eragiten zietenak.

ELA pozik agertu da WV-Navarrak 93 kontratu mugagabe egin beharko dituelako laster, baina sindikatuak jarritako salaketetatik seitan Lan Ikuskaritzak aitortu du "justifikatu gabeko behin-behineko 146 kontratu" daudela, eta lehen egunetik izan beharko liratekeela mugagabeak.

ELAk zenbait salaketa aurkeztu zituen 2024ko hasieratik 2025eko irailera bitartean, gutxienez 188 pertsonari eragingo zietenak. Gainera, ELAk Landabengo lantegiko behin-behineko kontratazioaren erabilera ofizioz berrikusteko eskatu zion Lan Ikuskaritzari.

ELAk jakinarazi du Lan Ikuskaritzak Landabengo fabrika bisitatu zuela urriaren amaieran, sindikatuak lehen eskaerak aurkeztu eta urtebetera pasata. Atzerapen horren ondorioz, iruzurrezko behin-behineko kontratuak dituzten dozenaka pertsonek ezin izan dituzte ebazpen horiek baliatu, horietako asko jada ez daudelako VWen.

Laburbilduz, ELAk irabazitako ebazpenek behin-behineko 146 kontratu jasotzen dituzte, eta horien "arrazoia ez dago justifikatuta". Hori dela eta, ELAk pertsona horiek guztiak mugagabe bihurtzeko eskatuko du, eta, behar izanez gero, salaketaren bidea hautatuko du Ikuskaritzan.

Igor Peñalverrek (ELA-VW) salatu duenez, "VW Navarraren kontratazio politika iruzurrezkoa da argi eta garbi, legea urratzen du mundu guztiaren aurrean, eta bakarrik sindikatuen lanak apur bat zuzentzea lortu du", baina justifikatu gabeko kontratuen bolumen osoa baino eskala txikiagoan. VW Navarraren ELAko atalak zuzendaritzari ohartarazi dionez, "iruzurrezko kontratazio politika bat etengabe zelatatzen eta salatzen jarraituko dugu, eskandalagarria delako: Nafarroako Gobernuaren 6,6 milioi laguntza jaso baitzituen 30 urtetik beherako gazteak enplegatzeagatik (2017-2024 aldia)".