Sektore publikoko enplegua kontsolidatu eta sortzeko mobilizazio gehiago iragarri dituzte ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta STEILASek
EAEko sektore publiko osorako deitutako mobilizazioei eta apirilak 22ko grebari buruzko oso balorazio positiboa egiten dute sindikatu deitzaileek. Milaka langile publikori greba-eskubidea ukatzen zieten gutxieneko zerbitzuak ezarri eta pertsonen mugikortasuna asko baldintzatzen zuen pandemia egon arren, 18.000 langilek baino gehiagok parte hartu baitzuten EAEko hiru hiriburuetan deitutako manifestazioetan. "Ez dugu balorazio bera egiten Eusko Jaurlaritzak, erakundeek eta alderdi politikoek sindikatuek eta mobilizazioetan aktiboki parte hartu zuten euskal sektore publikoko milaka langilek egindako eskaerei emandako erantzunari buruz", sindikatuek adierazi dutenez. "Eusko Jaurlaritzak, propaganda-adierazpenak alde batera utzita, euskal sektore publikoko 60.000 langile baino gehiago kontsolidatzeko benetako urratsik eman gabe jarraitzen du, eta, Europako behin-behinekotasun ranking altuenaren lehen tokian dagoen bitartean, pribatizazioaren aldeko apustuarekin jarraitzen du".
Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrean, Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektuan barneratutako proposamen baten alde egiten jarraitzen duela diote sindiaktuek. "Proposamen hori ez da nahikoa, eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten langile gehienak bere aplikaziotik at uzten ditu. Ez Mahai Orokorrean, ez eta mahai sektorialetan ere, ez du enplegu publikoa kontsolidatzeko bidean aurrera egiteko borondaterik agertzen". Kritiko ere azaldu dira gainerako erakunde eta euskal alderdi politikoekin: "Egun ez dugu benetako proposamenik ikusten hemen, gure herrian, zein zerbitzu publiko nahi eta behar ditugun erabakitzeko, eta euskal enplegu publikoa kontsolidatzeko".
Egoera horren aurrean, sindikatuek bilerak deitu dituzte Eusko Jaurlaritzarekin, Eudelekin eta euskal alderdi politikoekin, "haien esku dagoelako, eta ez beste batzuetan, zerbitzu publikoak indartzea eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 60.000 langile baino gehiagori enplegua kontsolidatzea".
Horrekin batera, mobilizazioak eta greba egunak bultzatzen jarraituko dutela esan dute, eta bide horretan honako mobilizazio hauek iragarri dituzte:
• Maiatzaren 25a: Manifestazioa-mobilizazioa Gasteizen.
• Ekainaren 1a: kontzentrazioak EAEko sektore publiko osoko lantokietan.
• Ekainaren 5a: manifestazioak EAEko hiru hiriburuetan: Donostian, Bilbon eta Gasteizen.