Abenduaren 10, 11 eta 12an greba deitu du ELAk Bizkaiko zahar-etxeetan
Bizkaiko egoitzetako sektoreko negoziazioen urtearekin bat, ELA sindikatuak, sektoreko gehiengoa duenak, hiru greba-egun antolatu du, jarraipena emateko urriko greba-egunei. Patronalak, bere aldetik, ez ditu bere proposamenak aldatu, urrian egindako grebak, mobilizazioak, elkarretaratzeak eta guzti; eta sektoreko 4300 langileei —emakumeak %99— lan-erreforma aplikatu nahi diete, sindikatuen ontzat emanarekin. Orain dela urtebete plataforma bat aurkeztu zuten, hainbat puntutan oraingo hitzarmena baino txarragoa, eta harez geroztik beren hartan jarraitzen dute temati.
ELAk aldezten duen hitzarmenean aplikazio-berme nahikoak jaso behar dira, hori beharrezkoa baita negoziazio kolektiboaren erreforma egin zenetik; langileen eroste-ahalmenari eusteko moduko soldata-igoerak; eta lan-erreforma gure lantokietatik kanpo uzten duten klausulak.
Bizkaiko Foru Aldundia da, hein handi batez, zerbitzu publiko honen euslea; eta gizarte-ekintzarako diru-sailak handitu ditu datorren urterako. Diru-sail horietako zati bat egoitzetara bideratzen da; baina zerbitzuaren kalitatea ziurtatzeko, langileen lan-baldintzak babestu behar dira, eta hori ez dute begiratu.
Horregatik guztiagatik, gu mobilizazioen dinamikan jarraituko dugu, indar handiagoko mobilizazioen atarian gaude oraindik, espero dugu patronalak eta Aldundiak laster aldatzea beren posizioetatik. ELAk dei egiten die langileei greba-egunak egitera, abenduaren 10, 11 eta 12an