UGTk eta CCOOek Patronalari benetako konpromisorik gabeko akordioa berriro ere sinatu dute

2018/10/18
Akordioan gomendio batzuk baino ez dira ematen, eta soldata arloan ez dago loturik KPIrekin. ELAk UGTren eta CCOOen zurikeria deitoratu du, Nafarroako patronala lan-erreformaren alderik atzerakoienei uko egiteko prest dagoela adierazi baitute.

Gaurko egunean UGTk, CCOOek eta CENek Lan Harremanen Akordioaren berritzea sinatu dute. Sinatzaileek adierazitakoa ez bezala, izenpetu berri duten akordioan ez dago inolako konpromisorik, gomendio soil batzuk bertzerik ez, alderdiendako nahitaez bete beharrekoak ez direnak:

  • Patronalak ez dio uko egin enpresa-hitzarmenen lehentasunari, sektore-hitzarmenen aldean. Akordioan jasotakoa hauxe da: "Sektore-hitzarmenak lehenestea gomendatzen da, enpresa-hitzarmenen aitzinetik".

  • Ez da bermatu 14.000 €-ko gutxienezko soldata. Akordioan jasotakoa hauxe da: "otoi eskatzen da urtean 14.000 €-ko soldata gordina ezartzeko".

  • Akordioaren bidez ez dira hertsatuko 50 langiletik goitiko enpresak berdintasun-planik prestatzera. Akordioan jasotakoa hauxe da: "50 langiletik goitiko enpresei gomendatzen zaie berdintasun-plan bat prestatu, adostu eta erregistratzea".

  • Soldatak %2, gehi %1 aldakor bat, derrigorrez igo beharrik dagoenik ez da ezarri. Akordioan jasotakoa hauxe da: "Soldata-igoerei dagokienez, akordio honen berritzeak bere egiten du IV AENC bitariko akordioan jasotakoa". Bada, AENCren akordioan, soldaten arloan, gomendio huts bat ematen da, aski kaltegarria orohar negoziazio kolektiborako, ez baitago loturarik ezta KPIrekin ere.

     

Bereziki larria da akordioa, lan-osasunaren arloan, aurtengo udan lanpostuetan 11 langile hil diren honetan, UGTri, CCOOi eta CENi bururatu zaien ideia bakarra, lan-ezbeharren aurka aritzeko, lan-arriskuen prebentzio-ordezkariaren postua berreskuratzea izan da.

 

Kontzertazio sozialaren eredua agorturik dago, eta oraingo akordio hau horren adibide garbia da. Izan ere, patronalari bake soziala oparitzen zaio, eta gainera lan-prekarietatea zabalduko da. Horiek horrela, ELAk gogora dakar zenbateko diru-galerak izan ditugun Nafarroan, elkarrizketa soziala dela-eta, UGT, CCOO eta CEN finantzatzeko diru-laguntzen bidez.

 

Nafarroako lan-baldintzen benetako hobekuntza langileen antolakuntzaren eta ahalduntzearen emaitza izanen da. Inork ez du zalantzan jartzen erronka hori zaila denik, baina UGTren eta CCOOen zurikeria, Nafarroako patronalak lan-erreformaren alderik atzerakoienei uko egiteko prest dagoela erran dutenean, oso albiste txarra da.