Zerbitzu publikoetako langileen elkarretaratzeak

2012/07/18
Zerbitzu publikoetako langileen elkarretaratzeak
Donostia, Txagorritxu eta Basurtoko ospitalen, Elkarteko Autonomoko justizia epaitegien eta Hego Euskal Herriko hainbat udaletxetako enparantzetan elkarretaratzeak egin dira gaur goizean murrizketen aurka. ELAko ordezkariek murrizketen aurrean intsumiso izateko eskaera egin diete agintari politikoei eta ezetz esateko ausardia izan dezatela exijitu diete. Bihar eguerdian Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean elkarretaratze berri bat egingo da eta datorren ostiralean Lakuakoen ordua izango da.

 

Gobernu espainiarrak, azken urteotako murrizketa sozial itzelena iragarri du. Gizarte osoaren txirotzea suposatuko duten neurriak planteatu ditu eta berriz ere zerbitzu publikoetako langileei izugarrizko murrizketak egiteko asmoak iragarri ditu.

- %7-ko Soldata jaitsiera: 2012an gabonetako aparteko ordainsaria kendu nahi du. Soldata murrizketa berri honekin, 2010etik langile publikoek gure erosahalmenaren %20-a galdu dugu.

- Zerbitzu publikoen kriminalizazio eta deusezte kanpainarekin aurrera jarraitzen du, berauekin negozioa egiteko helburuarekin. Bajen osagarriak kendu, aukera askeko egun kopurua murriztu eta funtzio publikoaren goitik beherako berrestrukturatze bat planteatuz...

- Negoziazio kolektiboa deusezten du eta baita defentsa kolektiboa ere: Salbuespenezko kausak direla eta, edo dekretuaren kontra egiten dutela esanez, akordio, paktu eta hitzarmenak bertan behera utziz eta kreditu eta baimen sindikalak murriztuz.

Murrizketa hauek “banketxeen erreskatea” delakoa ordaintzeko helburuarekin egiten dituzte. Berriz ere, bai botere ekonomikoek eta baita gobernuek ere, langileria bahitzen dute aberastasun metaketa antsia eta espekulazioak eraginda, beraiek sortutako izugarrizko zulo beltzak ordaintzeko asmoz. Ez dute zalantzarik egiten paradisu fiskaletara dirua eramanez iruzur fiskalak egiten dituztenei aministia emateko orduan. Iruzurti hauek ukiezinak dira, beraien taldekoak baitira.

Krisia eta zorraren aitzakiarekin, murrizketa hauen helburua argia da: Guztion ondasuna diren zerbitzu publikoen deskapitalizazioa eta berauen pribatizazioa, horrela gizartearen zerbitzura egon beharko lukeena esku pribatu gutxi batzuen zerbitzura jartzeko.

Oinarrizkotzat jotzen diren murrizketa hauek, Hego Euskal Herrian zein zerbitzu publiko nahi ditugun erabakitzeko eskubidearen eta gureak diren konpetentzietan esku sartze argia eta larria dira.

Egoera honen aurrean, ELA-tik instituzio honetako langile publiko guztiei luzatzen diegu deia gehiegikeria hau gelditzeko, borroka antolatu eta mobilizatzeko. Eta gure instituzioari eta instituzio honetako arduradunei exijitzen diegu, benetan zerbitzu publikoetan sinisten badute, Madriletik datozen murrizketa hauek ez onartzeko. Guztiontzako izango diren kalitatezko zerbitzu publiko batzuen alde apustu egiteko eta ez gizarte osoaren txirotzea ekarriko duten politiken alde.