Funtzio publikoko kontseilua enplegu publikoaren legearen aurka azaldu da

2012/04/26
Gaurko egunean Funtzio Publikoko Euskal Kontseiluaren bilera izan da, gai-zerrendako puntu bakarra Euskal Enplegu Publikoaren Legearen Proiektua izan da. ELA, LAB, CCOO, Bizkaiko Diputazio eta Gipuzkoako Diputazioen kontrako botoarekin Kontseiluak aurkeztutako Proiektuaren aurka informatu du.

 

Gehiengo Sindikalak eta Diputazioen ordezkaritza aurka azaldu arren, hau da, Kontseiluko kideen gehiengoak, Eusko Jaurlaritzak legearen izapidetzearekin aurrera egitea erabaki du ezta Legearen oinarrizko beste negoziaketa bat ez irekitzea ere.

Jaurlaritza Kontseiluak inolako bozketarik ez egiten saiatu da kontrako txostena jasoko zela ikustean, baina ELAren eskaeraren ondoren ez du bozketa egitea beste biderik izan.

ELAk, berriz ere, bileran adierazi du lege honen asmo bakarra zerbitzu publikoen argaltzea dela, sektore publikoko langileen lan baldintzak okertzeko instrumentuak ezarri nahi ditu, administrazio publikoa alderdien interesen menpe utzi nahi duela, gizartearen eta sindikatuen partaidetza erabat mugatzen duela, negoziazio kolektiboa aldebakarreko instrumentu bilakatzen duela eta administrazioen euskalduntzea ekidingo duela.

Horregatik guztiarengatik, ELAk eskatu du lege-proiektu hau bertan behera gera dadila eta berriz ere oinarritik negoziaketa hasi dadila, kalitatezko zerbitzuak eta kalitatezko enplegua ziurtatuko duen lege bat, administrazioan partaidetza zabalduko duen lege bat, eskuduntzen murrizketarik onartuko ez duen administrazio euskaldun bat, hain zuzen. Eskaera hau irizpide demokratikoen arabera Eusko Jaurlaritzak ez luke entzungor egin behar kontrako boto hauek jaso ondoren.