ELAk bere poza adierazi nahi du ETAk desarmerako prozesua hasi izana
ELAk bere esker ona helarazi nahi die gure herrian bakearen alde lanean diharduten nazioarteko gizarte-eragile eta pertsona guztiei. Eta nabarmendu nahi du Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak egin duen lana. Lan hau, guztiz eragingarria, gure ustez gure herriko erakunde sozial eta politikoekiko eta instituzioekiko behar besteko diskrezio eta errespetuz egin dute. Gainera, burutu bada, espainiar eta frantses gobernuen lankidetza ezak sortu dituen gainerako zailtasunekin izan da.
Carltonen izan dugun bileran, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak, eskera zehatza luzatu digu euskal gizarteari honako hau helarazteko: aldebakartasuna beharrezkoa izanik, orain eznahikotzat jo daiteke armategiak deuseztatzeko faserako. Hori ezin izango da gauzatu espainiar eta frantses gobernuen konpromiso eraginkorrik gabe.
ELAk espainiar eta frantses gobernuei eskatzen die atzerapenik gabe har dezatela beren gain desarmatze prozesuan dagokien ardura: ez ditzatela eragotzi iragarri diren inbentario eta zigilatze lanak; desarmatze prozesua burutzeko behar diren mekanismoak para ditzatela, eta ekin diezaietela -Aieteko adierazpenak dioen moduan- “gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko” elkarrizketei.