Kutxabank-eko zuzendaritzak ez du bertako negoziazio esparruaren alde egingo
Mikel Noval, arlo sozialeko arduraduna, Mirari Irure Zerbitzuak Federaziko Idazkari Nagusiak eta Juan Carlos Polo, Kutxen arloko arduradunak, bankarizazioaren eta lan balditzen negoziazio esparruaren inguruan ELAk duen iritzia azaldu dute Bilbon.
ELA joan den irailean Kutxabanken sorreraren aurka agertu zen, “ELA, Kutxabank bankuaren sorrera dela-eta” agirian azaldu zituen arrazoiak medio. Orduan esan genuen bezala, bankua sortzeko erabakia oso txarra izan zela uste dugu. Honen zergatiak: Aurtengo urtarrilaren 1ean erakunde hau halakotzat lanean hasi izana, hitzarmen kolektiboaren negoziazio prozesua, Administrazio Kontseiluaren izendapena, onartu diren azken lege-aldaketak, Rajoyk 2012ko lehen hiru hiletan egiteko asmoa duen finantza-sektorearen berregituratzea eta erakundeko arduradunen adierazpenak:
- ELAk salatu zuenez, finantza-sektorean hasitako erreformen arteko beste urrats bat izan zen, helburu orokorra sektore guztia pribatizatzea delarik, Kutxei eragingarri izateko aukera kenduz, hauen helburua arlo pribatuaren finantza-hegemonia orekatzea izan beharko litzatekeelarik. Krisiaren oinarriak finantza-desarautzea, ekonomia espekulatiboaren eragin gero eta handiagoa eta merkatu librearen ideologiaren nagusitasuna dira. Kutxek itzal eta kontrol publiko handiagoa izatea beharrezkoa zen, eta horren ordez bankarizaziora jotzea erabaki zen.
- Kapital pribatua sartzeko aukera ez dago itxita. Aitzitik, hau gertatu dadin zein bide jarraitu behar den definituta dago; gainera, behin eta berriz aipatzen da legeak etorkizunean esan dezakeena edo erakunde jakin batzuk zertara derrigortu dezaketen.
- Aipamen hauek, pribatizazioen egungo testuinguruan, argi erakusten zuten kutxek bazekitela norabide horretan aurrera egitekoak zirela. Rajoyren Gobernuak dagoeneko legea aldatu du pribatizatzea errazteko, eta iragarri du martxoa amaitzerako lege-erabaki berriak hartuko direla. Ez dakigu zehatz zer izango den, baina antza mailakako prozesua izan liteke, Italian egiten ari direnaren antzekoa. Administrazio-Kontseiluaren izendapena bide honetan egindako beste urrats bat izan da.
- Abiapuntua bankarizazioari ekiteko erabakia izan da, eta beste aukera batzuk baztertu egin dira. ELAk uste izan du eta uste du Kutxak erakunde batean biltzea zela egokiena. Banku bihurtuta desarautze-testuinguru larri batean erreferentzia bat galdu da.
- Kutxabanken zuzendaritzak esaten du hazi beharra ezinbestekoa dela (gutxi gorabehera bikoiztea da helburua, beste erakunde batzuk erosita edo bategiteen bidez). Haatik, politika hau ez da inolako irtenbidea. Erakunde oso handiek ere porrot egin dute, eta begibistakoa da Europako banku handien osasuna ez dela bat ere ona.
- Aurrezki-Kutxen egiteko soziala kaltetuta geratu da, eta honek ez dio soilik gizarte-ekintzari eragiten. Arlo honetara etekinen %30 bideratzea Kutxabanken borondatearen baitan geratuko da, eta betiere konpromiso honi itzuri egin ahal izango dio kaudimena hobetzeko aitzakiaz.
- Prozesua erabat opakua da, eta eztabaida sozialik gabe ari da garatzen. Gauzak egiteko modu hau, erakunde sozial eta sindikalak aintzat hartzen ez dituena, Kutxen eta alderdi politiko guztien hautua izan da.
- ELAren irudiko, akordioak onak edo txarrak edukien arabera izango dira, eta berdin da nork sinatzen dituen. Administrazio-Kontseiluari buruzko akordioario dagokionez, badirudi eztabaida bakarra izan dela, indar politiko bakoitzak zenbat ordezkari izendatzen dituen alegia. Noski, erakunde sortzaile guztiek dute beren ordezkaritza negoziatu eta erabakitzeko eskubidea. Baina ELAren ustez botere-kuoten banaketa baino garrantzitsuagoa da Kutxabankek zein eredu hartzen duen, eta honekiko, ELAk irailean salatu zuen bide okerretik doa.
Negoziatzeko euskal esparrua eratzea ELAren aldarrikapen historikoa da, Kutxetan adierazi izan duena, baita bategite edo integrazio prozesu orotan ere. ELAk baditu esparru hau aldezteko arrazoiak:
- Hau da gure herriko errealitate sozioekonomikoarekin bat datozen lan-baldintzak berma ditzakeen esparru bakarra.
- Hala nahi dute Hego Euskal Herrian hiru kutxetako –orain Kutxabankeko– langile gehienek.
- Estatu mailako negoziazioa oinarri okerretan legoke, euskal lurraldeei dagokiena baino pisu txikiagoa aitortzen baitie, beste esparruekiko: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 4.467 langileek 112 ordezkari hautatzen dituzte, eta estatuko 1.319 langileek, berriz, 80 ordezkari. Hots, estatu-esparruan langileen laurdenak ia ordezkarien erdia erabakitzen du.
- Estatu mailako negoziazioaren xedea lan-baldintzak okertzea da. ELAk azaldu izan duenez, estatu-hitzarmenetako edukiak bertokoak baino askoz apalagoak izan ohi dira.
ELAk hainbat ekintza bultza du Hego Euskal Herriko negoziazio esparrua defenditzeko. Besteak beste, LABekin batera BBKn egin zen sinadura bilketa: langileen %69ak euskal esparruko hitzarmen bat negoziatzearen alde agertu zen. Halaber, ELAk proposatu zuen Kutxabanken lan-akordioaren negoziazio-mahaian Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako langileen artean kontsulta bat egitea, baina zuzendaritzak hau ukatu egin zuen.
ELAk Kutxabanken sorrera arbuiatzeko aipatu zuen arrazoietako bat honakoa izan zen: “Bat-egite kontratuak kutxetako Hego Euskal Herriko langileei ez die hitzarmen propio bat izateko eskubiderik aitortzen. Gainera, Mahai Laboraleko akordioak zehazten du kutxek 2013 amaierarako estatu mailako hitzarmen bat sinatzeko konpromisoa hartu dutela, Kutxa Bankeko langile guztientzat”; aipatutako agirian esan genuen.
Ondoren ezagutu ditugun gertakariek arrazoia genuela berretsi dute. Jaon den urtarrilaren 19an Kutxabanken lehen hitzarmena negoziatzeko mahaia eratu zen, eta negoziatzaileen kopurua espainiar estatu mailako ordezkaritza sindikalaren arabera erabaki zen. Bilera hartan ELAk berriro proposatu zuen negoziatzeko euskal esparrua, eta aktan jaso arazi zuen estatu-esparruko negoziazioaren aurkako bere jarrera.
ELAk LABekin Kutxabanki buruzko jarrera bateratua izateko ahalegina egin du, adibidez 2011ko ekainaren 29an kaleratu zuten agiria. Halere, bi sindikatuen arteko desadostasunak ez du posible egin.
Beste ikusmolde kontrajarri batzuren artean, ez dugu iritzi bera Bilduren eta Kutxetako zuzendaritzaren arteko akordioari buruz; izan ere, LABek oraindik dio akordioak Kutxabanken zuzendaritzak hartutako konpromisoa jasotzen duela, langileek hala eskatuz gero hitzarmena negoziatzeko esparrua errespetatuko duela alegia. ELAren ikuspuntutik hau ez da hala, testuak eta geroztik gertatu denak beste errealitatea bat agerian utzi baitu.
ELAk LABi jakinarazi dio egoerari buruz irakurketa partekatua egin beharra dagoela. Gure ustez, LABek, ebidentzia guztiak gorabehera, Kutxen eta Bilduren arteko akordioari balioa aitortu nahi dio, negoziazio-esparruari dagokionez.
Horrenbestez, ELAk bertoko negoziazioaren alde egiten jarraituko du, eta euskal hitzarmen bat lortzeko bide bakarra dagoela uste du: lan egitea indar-erlazio hobea lortzeko, harik eta zuzendaritzek eskari hori onratzen duten arte. Hain zuzen, ELA euskal esparruaren aldeko sinadurak biltzen hasi da Araba eta Gipuzkoan, eta espero du Bizkaian iritsitako babes maila berera heltzea.