ELAk salatu egin du EITBko zuzendaritzaren informazioa manipulatzeko praktika
EITBn albiste zer den, eta beronen ibilbide informatiboa, irizpide alderdikoien arabera erabakitzen da. Batetik, gobernuaren eta beronen arduradun politikoen posizioei oihartzun handia eta protagonismoa ematen zaie, eta bestetik, Erakundeak politika alternatiboak defenditzen ditugunon iritziak ezdeus bihurtzen ditu. Hautatzen den informazioaren oreka gabezia agerikoa da.
Berri sozialek eta, batik bat, gobernuaren politikari alternatibak plazaratuaz egiten zaion kritikak ez daukate albistegietan leku egokirik, iritzi publikoa ez dadin jakitun izan dadin alternatibak badaudela. Hori bere burua demokratikotzat duen gizarte batean oso larria da.
EITBko zuzendaritzak gobernuaren propaganda instituzionalari ematen dio lehentasuna, hedabide publiko batean itxurazkoa ez den neurritaraino. Ezin da onartu, esaterako, sindikatuek Osakidetzako pertsonal politikari kritika egiten dioten egunean bertan EITBk erakundeko zuzendari nagusiari tarte bat ematea gure posizioen aurka jotzeko. Jokabide hau orokorra da, eta abusuzkoa. Alderantziz ordea, kontraste aukera ez da eskaintzen gobernuaren erabakiekin. EITBk ez du posizio kritikorik nahi; aitzitik, ezkutatu egiten ditu.
Joan den astean honen adibide deigarria ikusi zen. Finantzen Euskal Kontseiluak (EAJk, Bilduk eta PPk osatua) 2015ko aurrekontu-politika egiteko diru-bilketaren oinarriak erabaki zituen. Oinarri horiek men egiten diote, batetik, Rajoyk eta Urkulluk hitzartutako aurrekontu-diziplinari; bestetik, zerga-politika guztiz bidegabea aldatzeko asmorik ez dago, eta ondorioz, Administrazio guztietan aurrekontu neoliberalak izango direla bermatzen da. EITBn hau ez du inork aipatu, eta erakundeak ez du interesik izan, ez egun horretan, ez hurrengoetan, akordio hain garrantzitsu eta antisozialari buruz iritzi kritikorik jasotzeko. Zalantzarik balego, gogoratu beharra dago urteko erabaki politiko-sozialik handiena dela hau; izan ere, hurrengo aurrekontuen edukia definitzen baitu praktikan.
GOBERNU ALDAKETA EZ DA NABARI. PPrekin elkar hartuta agintean zen bitartean, PSE-EEk EITBn gure herriaren hainbat identitate-erreferentzia ezabatu nahi izan zuen esparru desberdinetan, PSOE-PP itunak gure herriari buruz zuen ikusmoldea finkatzearren. ELAk sindikatu legez defenditzen duenari buruz, emandako tratua mespretxuzkoa izan zen. Bada, premiazkoa da sakoneko gogoeta bat egitea behar ditugun komunikabide publikoei buruz, eta informazioaren inpartzialtasuna eta aniztasuna nola berma ote daitekeen. Sindikatu garen aldetik lantzen dituen gaietan, gobernu berriak ez du inolako aldaketarik eragin.
Salaketa hau ez dagokie soilik ELAren inguruko gaiei. Gure iritziz, gutxienik esparru alternatibo guztiak jasaten du manipulazio, zentsura eta baztertze hori.
ELAk kexu hauek EITBko zuzendaritzari duela hainbat hilabete helarazi zizkion. Halere, ordutik hona ez da inongo aldaketarik somatu, kontrakoa baizik. Bilera hartan ELAk EITBko zuzendaritzari azaldu zion EITBn ez dagoela honelako kritikak bideratzeko eta zuzendaritzaren kudeaketa kontrolatzeko erakunde independenterik, beste irrati-telebista publikoetan izaten diren moduan.
ELAk argi utzi nahi du kritika hau -zeinarekin militante guztiak bat datozen- ez diola EITBko langileen ardurari egozten.
Gure sindikatuak hedabide publiko profesional eta kalitatezkoa nahi du, unean-uneko gobernuarengandik independentea, justizia eta solidaritate balioen alde egingo duena eta gure herriko kultura eta hizkuntza sustatuko dituena; guztion diruz finantzatutako hedabide honek gure herrian diren posizio politiko, sindikal eta sozial guztiei irekita egon behar du. Gaur daukagun erakundea, ordea, egunetik egunera gehiago aldentzen da eredu horretatik.