ELAk ardura politikoak eskatu ditu opor fiskalen isuna dela-eta
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak EAEko foru-ogasunei opor fiskalengatik 50 milioi euroko isuna ezartzea eskatu duelarik, ELAk exijitu du erabaki horiek hartu zituztenek beren gain har dezatela izandako ardura.
ELAk esan du, gainera, Auzitegiak isun ekonomiko hori berretsiko balu (Luxemburgoko Auzitegiak inoiz ezarri duen handiena) demanda penal bati ekingo diola jokabide honen arduradunen aurka. Sindikatuaren iritziz hau ez da zabarkeria arduragabe hutsa izan; izan ere, askoz larriagoa izan da, doluzko kasu bat hain zuzen, hots, arduradun politikoen aldetik iruzur egiteko borondatez egindako zerbait.
Frogatutako gertakariek erakusten dute Confebask patronalak eta foru-ogasunek elkar hartuta jokatu dutela erabakiak hartzerakoan, izandako errekerimenduak betetzeko atzerapenean eta laguntzak -2006an legez kanpoko zirela erabaki zen- berreskuratu izanari buruz gezurra esatean. Jokabide hau ez da gertaera bakana, ordea; fiskalitatearen inguruan orokorra da gardentasun eta parte-hartze sozialaren gabezia, horrela ezkutatzen baitute enpresarien errenten eta kapitalaren onerako baino antolatu ez den sistema bat.
Horregatik, ELAk EAEko instituzioei galdegiten die isuna ordaintzeko ez dezatela erabili ohiko diru-bilketatik euro bat bera ere. ELAk lehenago ere adierazi izan du gertakari hauen ondorioz isunen bat ordaindu behar izatekotan, Sozietateen gaineko Zergan errekargu berezi bat ezarri beharko litzatekeela. Politika antisozial horren erantzukizuna erabaki hauen arduradun politikoek eta patronalak hartu beharko lukete beren gain, ez langile-klaseak nahiz gizarte-gastuak.
Azkenik, ELAk ezin ditu onartu Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen adierazpenak, zeinaren ustez isuna “garrantzi txikiko auzia” omen den. Gobernu horrek Gizarte-Larrialdietarako Laguntzetara 20 milioi euro baino gehiago bideratzeari uko egin diolarik -dirurik ez dagoela argudiatuz-, bi gauza agerian uzten ditu: bere arduragabekeria, batetik, eta politika publikoak benetan norentzat egiten diren, bestetik. Gasteizko gobernuak bere jarrerarekin gertatutakoari buruz ardura politiko oro baztertu nahi du.