PRECOaren adiskidetze saiakeran Kristau Eskola eta AICEk EAEko hitzarmena bertan-behera utzi eta Estatuko hitzarmenera pasa nahi dutela berretsi dute
Pasa den uztailaren 5ean, EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen Hitzarmenaren negoziazio mahaian, Kristau Eskola eta AICE patronalek sektorean ordezkaritza dugun sindikatuoi adierazi ziguten negoziazio mahaia hautsitzat ematen zuela, orain arte sektoreko lan-harremanak arautu dituen hitzarmena bertan behera uzten zutela eta aurrerantzean Estatuko VI Convenio de Colectivo de Empresas de Enseñanza Privada sostenidas total o parcialmente con fondos públicos delakoa aplikatuko duela, PPren lan erreformak ematen dien aukerari helduz.
Sektoreko langileen aurka inoiz hartu den erabakirik larriena den honen aurrean jada, langileen gehiengoa oporretan egon arren, mobilizazioa antolatzen ari gara, baina honekin batera ordea, erabakiaren aurka bide judiziala ere abian jarri dugu.
Hain zuzen ere, gaur izan da Lan Harremanen Kontseiluko Bilboko egoitzan PRECOaren adiskidetze saiakera. Bertan Kristau Eskola eta AICE patronalek orain arteko negoziazio mahaietan egin duten planteamentu bera egin dute eta EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen Hitzarmena bertan behera utzi eta aurrerantzean Estatuko hitzarmena aplikatzeko bere asmoa berretsi dute.
Patronalen iritzi eta erabakiaren kontra, ELA eta sektoreko gainontzeko sindikatuek EAEko hitzarmenaren ultraaktibitatea bere horretan mantentzen dela ulertzen dugu. (Langileen Estatutuaren 86. art.: “Salvo pacto en contrario, los convenios colectivos se prorrogarán de año en año si no mediara denuncia expresa de las partes”. EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen Hitzarmenaren 4 art.: “... 2009ko abenduaren 31 arteko iraupena edukiko du; aldi hori, hala ere, espresuki, behin-behingoz eta halabeharrez luzatuko da, 2010eko hitzarmena indarrean jarri artean”.).
Hau honela, ELAk erabakiaren aurka Gatazka Kolektiboa Euskadiko Auzitegi Nagusira eramango du EAEko hitzarmena eta honen ultraaktibitatea defendatu asmoz.
Honekin batera ordea, sektore ikastetxe gehienek langileen ordezkariei eta langileei beraiei zuzenean EAEko hitzarmena bertan behera utzi eta aurrerantzean Estatuko Hitzarmenaren erreferentzia izango dutela adierazi dietenez, jakinarazpena egin dieten ikastetxeetan, erabaki honek lan-badintzetan izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko, gatazka kolektiboa eta norbanako erreklamazioak egiten ari gara. Datozen egunetan guztira 150 Gatazka Kolektibo aurreikusten ditugu eta norbanako erreklamazio andana.
Aurrez esan bezala, eraso eta erabaki larri honen aurrean, jada mobilizazioa antolatzen ari gara eta patronalen erabakiak bere horretan jarraitzen badu ikasturte hasiera gatazkatsua aurreikusten dugu.