ELAk euskararekin bat egitera deitu du

2013/09/19
ELAk euskararekin bat egitera deitu du
Lan Mundutik, zatoz euskaltegira” leloarekin, ikasturte berri honetarako langileak euskara ikastera eta euskaltegietan izena ematera animatzeko asmoz eginiko ekitaldian parte hartu du ELAk.

Edozein hizkuntzaren normalizazio-prozesuak bi ardatz nagusi ditu; batetik, norbanakoak euskalduntzea eta, bestetik, espazioa euskalduntzea. Biak ala biak ezinbestekoak dira hizkuntza horretan normaltasunez bizi ahal izateko.

Gurean, Euskal Herrian, beraz, ezin pentsa dezakegu norbanakoak euskaldunduz bakar-bakarrik herri hau euskaraz bizi ahal izango denik. Herritar euskaldunak behar ditugu, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdietsi behar dugu, baina herritar horiek guztiek erabiltzeko aukerak beharko dituzte, eta beraz espazio euskaldunak beharko dira.

Hori horrela, gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu eta beste parte handi bat beste inoren lanaz baliatzen. Lan munduaren euskalduntzeak herritarron eguneroko bizitzan duen eragina azpimarratu nahi dugu gaurko agerraldian. Bertan langile bezala igarotako orduengatik edota lan mundutik datozkigun zerbitzu eta produktuen kontsumitzaile izateagatik, sakoneko eragina du lan munduak gu guztion eguneroko bizitzan eta hizkuntza jardunean. Horregatik, garrantzi handia du alor sozioekonomikoak betetzen dituen milaka espazioetan euskarari lekua egiteak. Lan munduaren euskalduntzean urrats esanguratsuak emateko garaia iritsi dela eta posible dela pentsatzen dugu.

Euskalgintzak bere kabuz ezin du lan mundua euskalduntzea lortu, baina bai zeresana duten eragile nagusien, enpresarien, langileen, kontsumitzaileen eta administrazioen laguntzarekin. Halere, lan mundua euskalduntzeko lehen premisa da lan mundura heltzen diren enpresariek eta langileek lana euskaraz garatzeko gaitasuna izatea. Sarritan gaitasun horretan hutsunea egoten da. Hutsune hori betetzeari begira ari da lanean Helduen Euskalduntze Alfabetatzea.

Euskaltegietako ateak zabalik daude jada, Euskal Herriko edozein herri zein auzotan daukazu euskaltegi bat hurbil; etorri, galdetu eta animatu euskara ikastera.

Denon artean lortuko dugu; lan mundua euskalduntzea ere gure esku dago! IKASI EUSKARAZ, JOAN EUSKALTEGIRA !