Muñoz: "Interpelazio soziala ezinbestekoa da subiranotasuna elikatzeko"
Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiak eta Leire Txakartegi, batzorde eragileko kideak aurkeztu dute gaur goizean Bilbon autogobernuaren inguruko adierazpena. ELArentzat eskumenen inbasioa erabatekoa da. Gaur dagoen honi inork ezin dio, seriotasun apur bat izanik, “autogobernua” deitu. Gure erakundeak Estatuaren erabakien betearazle hutsak dira. “Akolitoak”, esan zuen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, aipatutako agiria aurkeztu zuenean. Era honetan, hori gertatuko ez balitz bezala jokatzen duela salatu du. ELAk galdegin du eufemismoak eta esaldi anbiguoak alde batera uztea: juzku politiko horrekin bateraezina da esatea “aldebikotasuna” balekoa dela. Benetan, horrelako terminoak erabiltzeak adierazten du menpeko posizio politiko bat onartzen dela.
ELAren iritziz, Estatuarekiko konfrontazio demokratiko oro baztertzen da. Bestalde, ezkerrarentzat gizarte-eredua bigarren mailako kontua dela azaldu du. Hau hutsegite handia da sindikatuarentzat. Subiranismo politikoak burujabetzara gizarteko sektore berriak erakartzeko “palankak” zehaztu nahi ditu, baina, aldi berean, ez die jaramon handirik egiten bizi- eta lan-baldintza duinak ezartzeko baliagarriak diren politikei, sarrera eta gastuak aintzat hartu behar dituzten aurrekontu-politikei alegia.
ELAk ez du babestuko Estatus Politiko berririk beronetan ez badira bilatzen euskal langileen bizimodu eta lanaren kalitatea baldintzatzen duten funtsezko osagaiak: erabakitzeko eskubidea; Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Esparrua; negoziazio kolektiborako eskubidea eta ordezkaritza sindikalean joko-arau demokratikoekiko errespetua.
ELAren esanetan, "ez dago euskal autogobernurik Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Esparrurik gabe eta negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe".
ELAk hiru ezaugarri positibo azpimarratu ditu Kataluniako prozesuan: Bortizkeria eza, mobilizazio eta egitura soziala eta subiranotasunaren aldeko batasun politikoa. Ohartarazi duenez, Estatuan kultura demokratikoa oso urria da eta ezintasuna dago arazo politikoei irtenbide politikoa emateko. “Kataluniari soilik eskaintzen zaizkio Kode Penala ezartzeko prestatuta dauden auzitegiak”, esan du ELAk.