Bizkaiko Foru Aldundiko langileentzako hitzarmena sinatu da
Joan den astean ELAk eta LABek Bizkaiko Foru Aldundiarekin 2004rako lan- eta soldata-baldintzak arautzen dituen hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du, eta Aldundiko behargin guztien artean hainbat kontzeptu medio %3,2ko soldata igoera jasotzen du, gehi soldata-masaren %1,2, batezbeste, esperientziaren ordaina izeneko osagarri berri bati esker. Txandakako lana medio ematen diren plusak ere gehitu egin dira, bi txandako langileentzat %5 eta %7 bitartean, eta hiru txandatan dihardutenentzat, %8 eta %10 bitartean.
Bestalde, hitzarmeneko beste puntu batzutan zerbitzu publikoak mantendu eta hobetzeko bidea irekitzen da, esaterako subrogazio klausula eta etorkizunean aldundian azpikontrazioa mugatzeko konpromisoa. Gainera, zuzenean aldundiaren esku dagoen enplegua eta azpikontratuta dagoena aztertuko da datorren urtean.
Hitzarmenaren arabera, lan merkatuan sarrarazteko kontratua ez da erabiliko, salbuespenetan izan ezik; hala denean, zenbait berme izango ditu.
Hitzarmenean oinarrituta lege-aldaketak bultzako dira, funtzionarioei errelebo-kontratua aplikatzen hasteko. Beste hobekuntza batzuk prestakuntza iraunkorrean izango dira, eta bekadunei buruzko protokolo bat ezarriko da.
Hitzarmen honetako beste hobekuntza batzuk: antzinatasunaren araberako opor egun gehiago; aurrerapenak; laguntza eta kalteordainak; beste onura sozialak, etab.
Orain sinatutakoaren arabera Bizkaiko Aldundian behingoz lan-baldintzak arautu egin dira, EAEko foru-erakunde handienean alegia. Sinatutako akordio eta hitzarmenak 3.700 beharginengan du eragina, eta enpresa foraletan diharduten beste 800rengan egun dituzten lan-baldintzetan lehentasunez aintzat hartu beharreko agiria da.
ELAk oso ongi irizten dio akordio honi, uztailetik hona hots, Eudelek eta CC OOek toki- eta foru-administrazioetarako sinatu zuten minoria-akordioaz gero sektorean zegoen geldialdia amaitzen baita horrela; orduan sinatutakoa, gehienezko muga ei zena, aise gainditu da. ELAk oraindik ixteke dauden EAEko beste toki- eta foru-erakundeetako negoziazioei bultzada emango die, eta eredutzat hitzarmen hau hartuko du.
Bilbon, 2004ko urriaren 18an