ELAk bere eskariari eusten dio: Kutxabank ez da pribatizatu behar
EAJk komunikatu batean ELAri Kutxabanken errealitatea faltsutzen duela leporatu dio. Sindikatuak honakoa adierazi nahi du:
a) ELAk bere eskariari eusten dio, ez dezatela Kutxabank pribatizatu
Kutxabank pribatizatzeko asmoa dagoela ez du ELAk asmatu. Finantza-erakundeko buru den Mario Fernandezek -zeina EAJk izendatu baitzuen- otsailean iragarri zuen bere plana: Kutxabanken “%30 banku-fundazioen esku egotea eta %70, kapital flotantea” izatea. Gaur egun Kutxabankeko kapitalaren %100 Aurrezki-Kutxen esku dago. EAJko buruek, baita Iñigo Urkullu Lehendakariak berak ere, xede hori babestu egin dute, esanaz plan errealista dela.
ELAri kargu hartu ordez, EAJk Mario Fernandezi eskatu beharko lizkioke kontuak, eta Kutxabankeko presidentea babestu duten bere alderdiko politikariei. ELAk bere eskariari eutsiko dio: Kutxabank ez da pribatizatu behar. Ez du balio esateak “Kutxabank honez gero pribatua da”, eta horrelako argudioak. EAJk kontu bat argitu behar du: Kutxabankeko kapitalaren zein portzentaje utzi nahi du Aurrezki-Kutxen esku. Bere komunikatuan ez du hortaz ezer aipatzen. Ez dugu onartzen esatea “Kutxabank kapitalaren %30arekin kontrola daiteke”. %70 pribatizatuz gero, ez dago bermerik aurrerago portzentaje are handiagoa pribatizatuko ez denik. Gainera, argi dago ez dela gauza bera %100 edo gutxiengoa duen %30eko partaidetza izatea.
ELAren ustez Kutxabank pribatizatzea oso larria litzateke, espoliazio bat, kapital pribatuaren esku utziko bailitzateke 150 urtean osatu den guztion ondare bat. Botere politikoak funtsezko tresna bat galduko luke, Kutxabank zein eratako finantza-erakunde izango den erabakia kapital pribatuak bailuke (inbertsio-funtsak, etab.). Horrela herriaren beharrizan ekonomiko eta sozialak albora uzten dituen finantza-erakundearen eredua finkatuko litzateke, banku komertzial pribatuaren dinamika alegia. Ezarri nahi duten ereduaren oinarriak: Kreditua murriztuta etekinak maximizatzea, zor publikoarekin espekulatzea, edo etxe-gabetzeak.
b) ELAk zertaz hitz egin dezakeen EAJk erabaki nahi du
EAJren arabera, “ELAk, beraz, ez dagokion egitekoa bereganatu du; (…) Kutxabank-ez hitz egin aurretik, komenigarria litzateke ELA-STVk berak erakundearekin duen egiazko harremana argitzea”. Ezin onartukoa da honelako adierazpenak egitea, jarrera demokratiko aldetik gabezia nabarmena uzten baitute agerian.
ELAk eskatzen du eztabaida esandako kontuen ingurukoa izatea. EAJk nahiago du guri adierazteko eskubidea ukatu. Noski, bere jarrera beste bat litzateke ELAk bat egingo balu pribatizatzeko erabaki larria babesten dutenen koruarekin. Orduan sindikatu arduratsua ginateke.
c) EAJk eztabaida benetako auzitik aldendu nahi du
ELAk salatutako gauzei buruzko argudioak eman ordez, EAJk eztabaida beste kontu batzutara bideratu nahi du, esaterako, “ELA-STVk bat egin du ezker abertzalearen estrategiarekin (…) interes partikular eta politikoek gidatuta”. Ez dute argitzen zein interesez ari diren, eta ELAren posizioa liskar alderdikoi batean kokatu nahi du. EAJk mezulariari egiten dio eraso, ez mezuari. Argudiorik ez duenaren moduan ari da lerroak trinkotu nahian. Ildo berean doaz beste adierazpen batzuk, esaterako Joseba Egibarrenak, zeinak sinetsarazi nahi izan du ELAk Lehman Brothers-en inbertitu duela, hau goitik behera gezurra izanik.
Hizjario horrekin eztabaida funtsezko gaitik urrundu nahi dute, hau ELAk bere agiriarekin plazaratu duelarik. Sindikatuak agiriko puntu guztiak berresten ditu, eta Kutxabankek zer nolako finantza-erakunde izan behar duen eztabaidatu behar dela aldarrikatzen du. ELAk beti salatuko du elite politiko batek eztabaida eta partaidetza sozialik gabe erabakitzen jarraitzea.