Nafarroako Gobernuak Sanz eta Barcinak sortutako elkarrizketa sozialari erabateko jarraipena ematen diola salatzen du ELAk

2017/01/26
Nafarroako Gobernuak Sanz eta Barcinak sortutako elkarrizketa sozialari erabateko jarraipena ematen diola salatzen du ELAk
Aierdi eta Laparra presidenteordeek CEN, UGT eta CCOOi 2016-2019 Enplegu Planeko ehundaka milioi euroko kudeaketa eman die. ELAk lanean jarraituko du bezerokeria-sare hau ez dadin betikotu, eta Nafarroako Parlamentuari elkarrizketa sozial antidemokratiko honetatik ateratako proposamenari ezetz bozkatzeko exijitzen dio.

ELAk irmo salatzen du Nafarroako Gobernuak, CEN patronalak, eta UGT eta CCOO sindikatuek atzo iragarritako akordioa, iraganeko UPNren gobernuek (PSNren laguntzarekin) sortutako elkarrizketa sozialaren eredu berbera berritzen duelako. Atzo adostutako dokumentuan, Manu Aierdi eta Miguel Laparra presidenteordeek bere egiten dute 20 urte luzez Sanz eta Barcinak ezarritako politika eta erretorika baztertzailea. Alde batera utziz elkarrizketa sozialak patronala, UGT eta CCOO finantzatzeko bakarrik balio izan duela, eta inondik inora ez duela balio izan desberdintasunaren aurka egiteko, aberastasuna banatzeko edo Nafarroako negoziazio kolektiboa defendatzeko.

Sanzek eta Barcinak egiten zuten moduan, atzo adostutako dokumentuak CEN, UGT eta CCOOi 2016-2019 Enplegu Planeko ehundaka milioi euro kudeatzeko ahalmena ematen die: Gobernua eta Parlamentua erakunde hauek proposaturikoa onartzea mugatuko dira. Hau da, CEN, UGT eta CCOO demokratikoki aukeratutako parlamentarien eta kontseilariengan beto ahalmena duen botere exekutiboan bihurtu dira. Botere publikoari Nafarroako aurrekontuetatik dirua jartzea egokituko zaie, CEN, UGT eta CCOO erakundeen jarduera ordaintzeko: 2015era arte indarrean egondako itunetan, erakunde hauetako 100 pertsona baino gehiagok euren soldata bertatik jaso izan dutela ikusi da.

ELA kezkatuta dago Nafarroako Gobernuak hartutako bidearekin, eta bazterketaz eta imposizioz betetako hainbeste urterekin haserre zegoen gehiengo sozialak bultzaturiko aldaketa politikoari ze onura egiten dion elkarrizketa sozialak galdetzen du. Beste behin ere, Gobernuak bere agenda betiko botereek ezartzen dutela erakutsi du: nahikoa da UPN, PSN, UGT, CCOO eta patronalak adierazpenak egitea amore eman eta ehundaka milioi euroren kudeaketa euren esku uzteko (erakunde hauek Barcinarekin sinaturiko azken akordioan 545 milioi euro izan ziren).

Gobernuaren propagandak elkarrizketa sozial honek ez duela benetako arazoei aurre egiteko balio ezkutatzen du: argazkiak Gobernuak “zerbait egiten duela” irudikatu nahi du, eta bide batez betikoen kexak diru publikoarekin ixildu. Beste alde batetik, ELAk lanean jarraituko du bezerokeria-sare hau ez dadin betikotu, eta Nafarroako Parlamentuari elkarrizketa sozial antidemokratiko honetatik ateratako proposamenari ezetz bozkatzeko exijitzen dio. Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren 22/2014 Foru Legea (azaroaren 12koa) Barcinak bultzatua eta UPN eta PSNren bozkekin onartua izan zela eta Geroa Bai, EH Bildu, I-E eta PPk aurka bozkatu zutela gogoratuz.