ELAko milaka ordezkarik protesta egin dute Confebask aurrean
Mitina amaituta, sindikatuko kideek manifestazio bat egin dute Confebask enpresarioen elkarteraino. Bertan parte hartu dute greban dauden hainbat lantoki eta enpresetako langileek: Puertas Lorenzo, Irungo kiroldegia, Gipuzkoa eta Bizkaiko egoitzak, Feu-Vert, Virtisú, Landalan, Talleres Gaztelu y Amaia, ITT Iurreta, Techonologies & Systems, Irun eta Urnietako IATak.
"Soldaten gainbehera eta aberastasunaren banaketa bidegabea" dela eta, ELAko idazkari nagusiak antolatu eta enpresak sindikalizatzeko beharra aldarrikatu du. "Negoziazio kolektiboa guri axola zaigu, beste inori ez; patronalak baditu legeak negoziazioa blokeatzeko eta bere soldata- eta lan-baldintzak ezartzeko". Muñozek nabarmendu egin du zenbateko garrantzia duten ELAk azken hiletan sinatu dituen hitzarmenek, 250tik gora; hauetan KPIaren erreferentzia duten soldata igoerekin batera, erreforma laboralaren aurkako klausulak ere jaso dira.
Muñozek adierazi du patronalari aurre egin behar zaiola "une latz hauetan, zeinetan politikak dena ematen dion". "Krisiaz baliatzen dira guri xantaia egiteko". Hain zuzen, euskal patronalari kritika egin dio: Bera da ugazaba elkarterik "basatiena, Urkullu Lehendakariari erdiko behatza erakutsi diona".
ELAko milaka ordezkariren aurrean, Muñozek administrazioei kargu hartu die herri-lanak esleitzerakoan egiten dituzten baldintza-pleguak direla eta: "enplegua suntsitzeko eta esplotaziorik nardagarriena egiteko" gonbitea dira, bere esanetan.
ELAk eta Bizkaidendak patronalak oihalen merkataritzarako sinatu duten hitzarmenari dagokionez, sindikatuko buruak salatu du Cecobi patronala presioa egiten ari dela testua argitara ez dadin, eta Jaurlaritzari exijitu dio akordioa ontzat eman dezala. "Ez dute inolako erreferentziarik, ez eduki onak dituen hitzarmenik nahi, horrek nabarmen utziko bailuke beste sektoreetan ez dutela negoziatzen".