Nafarroako Gobernuaren Dekretuak ez dio lehentasunik ematen funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazteari

2020/03/19
ELAk funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldiaraztea eskatzen du, ez baita koherentea etxeetan konfinamendua ezartzea eta lanpostuetara ateratzeko betebeharrari eustea, bertan kutsatzeko arriskua oso handia denean

Nafarroako Gobernuak argitara eman du, besteak beste, Administrazioko langileen inguruko, alarma egoeraren ondoriozko gastuaren eta zergen arloko hainbat neurri biltzen dituen Foru Lege Dekretua.

Alde batetik, Dekretuak ezohiko kontratazio arauak ezartzen ditu Nafarroako Gobernuko plantillarako:

  • Lege-dekretuak ez du ezartzen zeintzuk diren sektore publikoaren barruan funtsezkoak diren zerbitzuak, eta ELAk ezinbestekotzat jotzen du hori. Funtsezko zerbitzuak betetzeko beharrezkoak diren langileei begira, ahal den neurrian, telelanaren formularen bidez lan egitea bermatu behar da, eta hori ezinezkoa bada, haien osasuna bermatzeko neurri guztiak betetzen direla ziurtatu. Gainerako langileek ordaindutako lizentzia izan beharko lukete.

  • Neurri horiek berdinak izan behar dute, halaber, toki-erakundeetako eta gainerako erakunde autonomoetako langile guztientzat, bai eta administrazio publikoek azpikontratatutako enpresetan zerbitzuak ematen dituzten langile guztientzat ere.

  • Neurriek amaiera data izan behar dute, eta Dekretuan jaso beharko litzateke.

Bestalde, COVID-19k eragindako gastuak arintzeko 100 milioi euro bideratuko direla jasotzen du Dekretuak, baina ez du neurri zehatzik ezartzen. Zentzu horretan, ELAk beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak kolektibo ahulenei estaldura ekonomikoa bertuko dien neurriak hartzea.

ELAk Nafarroako Gobernua funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazteko ez dela modu aktiboan laguntzen ari salatzen du. Ez da koherentea etxeetan konfinamendua ezartzea eta lanpostuetara ateratzeko betebeharrari eustea, kutsatzeko arriskua oso handia denean eta konfinamentuaren eragina deusezten denean.

Egoera honetan, ELAk berretsi nahi du, pairatzen dugun krisi larriaren aurrean, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan aritzeko dugun borondatea, langileen eta Nafarroako gizarte osoaren osasuna eta segurtasuna defendatzeko.