ELAk hiru asteko greba jarraitua egitera deitu du Bizkaiko egoitzetan

2016/10/12
ELAk hiru asteko greba jarraitua egitera deitu du Bizkaiko egoitzetan
Lehenago akordiorik lortu ezean, lanuzteak urriaren 24an hasiko dira, eta hiru astez luzatuko dira etengabe. Orain arte egin diren grebaldien artetik luzeena izango da. Gogoan izan aurrekoa bi astekoa izan zela. Joan den astean egindako batzarretan ordezkariek mobilizazioekin jarraitzeko bozkatu zuten aho batez, eta ontzat hartu zuten hiru asteko grebarako deialdia. Gatazka hasi zenetik 32 greba-egun egin dira guztira.

Sektoreko patronalek proposamen bat aurkeztu zuten urriaren 4an Lan Harremanen Kontseiluan. ELAren iritziz, proposamen hori arduragabekeria eta begirunea galtzea izan zen langileentzat eta egoitzetako egoiliar eta haien senideentzat, horiek guztiek jasaten baitituzte zerbitzuaren gabeziak, Bizkaiko egoitzen arreta-kalitateari buruz egindako txostenetan agertu den bezala. Patronalen proposamen horretan, hain zuzen, sei euroko soldata-igoera eta bi orduko lanaldi-murrizketa eskaini dituzte, eta ezetz borobila eman diete garrantzi handiko gai batzuei, besteak beste, oraingo ratioak eta lan-kargak hobetzeari.

ELArentzat arduragabekeria ere bada Bizkaiko Foru Aldundiak, zerbitzuaren azken erantzulea izan arren, gatazkan nahasi nahi ez izatea eta konponbiderik ez proposatzea; gatazka horrek eragin zuzena baitu zerbitzuaren kudeaketan eta milaka herritarren ongizatean. Gure ustez gatazkari konponbideak bilatzea Bizkaiko Erakunde Gorenari ere badagokiola, zeren Erakunde horretatik ateratzen dira diru-sailak, gero enpresa azpikontratatuetara doazenak, zerbitzu hori ematearen truke; eta zerbitzu hori behin eta berriz jarri da zalantzan, patronalen beren, aldundiaren beraren eta egoitzetako erabiltzaileen esanetan.

Sektoreko gehiengoaren erantzuna izan duen grebaren eraginak ezkutatzearren, eta egoitzetako egitura-arazoa ostentzearren, Eusko Jaurlaritzak, aldundiari eta sektoreko patronalei jaramon eginez, berriro gutxieneko zerbitzuen abusuzko dekretu bat emango balu, orduan lortuko zuen ondorio bakarra gatazka denboran luzatzea eta tentsioa areagotzea izango litzateke.