ELAk ‘jo ta ke’ jarraituko du LGS hemen erabaki arte
ELAren eta milaka militanteen eginbeharra da geroz eta basatiagoa den kapitalismoaren ondorioei aurre egitea: inperialismoa, gerra eta, sakonean, faxismoaren aurka borrokatzea. Halaxe laburtu dute Imanol Pascual (Nafarroako koordinatzailea) eta Saioa Urrizak (eskualdeko arduraduna) gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan. ELAk manifestazioak egingo ditu Bilbon eta Iruñean, ‘SMI 1.500; Jo ta ke, hemen erabaki arte’ lelopean.
Aurtengo Maiatzaren Lehenean, ELAk uste du demokraziaren eta burujabetza sozialaren defentsa izan behar direla borrokaren ardatzak. Une honetan, beste aldarri batzuk ahaztu gabe, 1.500 euroko LGSaren aldarrikapenak biltzen ditu borroka guztiak bat egiteko osagaiak. Esaterako, M17ko greba orokorrerako prozesuan Emakumeon Eguna ospatu zen, eta ELAk irakurketa hau aurreratu zuen: ‘LGS 1.500: Justizia feministarantz!’. Egun, LGS jasotzen dutenen ia bi heren emakumeak dira; emakumeek pairatzen dituzte prekaritate egoerarik gogorrenak, eta sektore feminizatuak dira aitortza sozial gutxien dutenak. Gainera, oraindik ere, generoko soldata-arrakala % 13koa da EAEn eta % 20koa Nafarroan.
Greba orokorraren ondoren, Arrazismoaren kontrako Eguna izan zen, eta ELAk hautatutako leloa, oso esanguratsua da: ‘Klase borroka antirrazista izango da; LGS 1.500, justizia sozialerantz!’. Bertoko eta migratutako langileen arteko soldata-arrakala Hego Euskal Herrian % 30ekoa baino handiagoa da; beraz, hemen finkatutako LGS baten onura handiena migratzaileek izango lukete. Nolanahi ere, beste hamaika adibide aipa genezake (aniztasun funtzionala, gazteak, etab).
Horregatik, hemengo LGS bat aldarrikatzea ELAren estrategiaren oinarrizko puntua da (sektore askotako negoziazio kolektiboan ere erronka eta faktore erabakigarria da), eta aurtengo Maiatzaren Lehenean eskari hori ozenago egingo zaie patronalei, gobernuei eta alderdi politikoei. Eskuina eta eskuin muturra LGSaren kontra agertzeak pista bat ematen du: faxismoaren gora doanean, soldaten aldeko borroka, definizioz, ekintza antifaxista da.
2025ko urtekaria (hemen eskuratu)
ELAk 2025eko Urtekaria ere aurkeztu du: “Langileria antolatuz, gizartea eraldatzen dugu. Más sindicato, más victorias, más vida”. Argitalpenak 2025ean lortutako 91 garaipen sindikal jasotzen ditu. 105.000 ale argitaratu dira eta afiliatuen etxeetara bidali dira.
Saioa Urrizak azpimarratu du sindikatuak langileen bizi-baldintzak hobetzen laguntzen duela, Madrildik inposatutako arau-esparruari aurre eginez. “Garaipen horiekin, ELAk lan harremanen berezko esparru baten alde egiten du, praktika sindikalaren bidez”.
Urtekaria hilabeteka antolatuta dago eta ia 100 garaipen sindikal biltzen ditu, protagonisten elkarrizketekin (ordezkari sindikalak, militanteak eta zerbitzu juridikoak), gatazka eta akordio bakoitzaren oinarrizko datuekin, argazkiekin eta sindikatuaren eraginkortasuna azaltzen duten gako-datuekin: aurrekontu-sarreren xehetasuna (autonomia ekonomikoa), erresistentzia-kutxaren indarra (2025ean 3.991 lagunek jaso zuten) eta afiliatuei eskaintzen zaizkien zerbitzuak (zerbitzu juridikoak, etab.)
Aurtengo Maiatzaren Lehena balio izango du 2025ean lortutako garaipen sindikalak ospatzeko eta LGS propioa aldarrikatzeko. LGSa propio lortuta, gero eta nabariagoa den beste printzipio bat frogatuko da: Nafarroaren burujabetza areagotu beharra dagoela. Zenbat eta gertuago erabakigunea, neurri politikoak are eta justuagoak izango dira. Behintzat hemen, non mugimendu sindikalaren mobilizazio gaitasuna gero eta handiagoa den eta ELAren autonomia politiko eta ekonomikoak bermatzen duen helburua argia dela, eta bidea, beti zuzena: Langile-klase bakar baina anitzaren defentsa, antirrazista, transfeminista, euskaltzalea, ekosozialista… Eta gaur, inoiz baino areago, antifaxista. ELAk ozen azpimarratuko du Maiatzaren Lehenean: “Ez dira pasako!”.
Iruñeko manifestazioa 11:30etan Erorien monumentuan hasiko da.