ELAk eta LABek bilera eskatu diote Torres lehendakariordeari
Martxoaren 17ko greba orokor arrakastatsua igaro ondoren, ELA eta LAB lanean ari dira Estatuko beste sindikatu batzuekin batera Diputatuen Kongresuan gutxieneko soldata propio bat onar dadin. Bide horretaz gain, sindikatuen iritziz ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzaren konpromiso irmoa gutxieneko soldataren alde eta berau lortzea gehien oztopatzen duen patronalari aurre egiteko. Mobilizazio eta greba ziklo baten ondoren interlokuzioari aukera eman nahi diote ELAk zein LABek.
Mikel Torresek ez zuen greba orokorra deitu zuten sindikatuekin bildu nahi izan grebaren aurretik eta ez zuen eragin nahi izan akordio bat bilatuz greba ekiditeko. Elkarrizketarako deiak egin zituen arren, lehendakariordea izan zen hitzari bidea itxi ziona. Era berean, greba orokorra igaro ondoren, Eusko Jaurlaritzak ez du gutxieneko soldatari buruz berriz hitz egin nahi izan. ELAren eta LABen iritziz oso larria litzateke EAEko bi sindikatu nagusien aldarriak soilik greba orokor baten testuinguruan izatea hizketagai. Eusko Jaurlaritzaren jarrera autoritarioa ez litzateke ulergarria izango, are gutxiago berriro ere bilera ukatzea.
ELAk eta LABek ez diote uko egingo 1.500 eurotako gutxieneko soldataren aldarriari. Pobrezia hazten ari den testuinguru honetan, Hego Euskal Herriko langileen nahiari erantzuteaz gain, okerren dauden langileen aldeko ezinbesteko ekimena da. Orain arte ekimen honen aurkako oztopo nagusiak patronala eta Eusko Jaurlaritza izan dira. Horregatik, ELAk eta LABek Mikel Torresi zuzeneko inplikazioa eskatuko diote patronalaren blokeoari aurre egiteko eta instituzioak gutxieneko soldataren aldeko eragile izan daitezen.
Mikel Torresi eskatutako bilera lehena izango da greba orokorraren ondoren. Uda ondoren ELAk eta LABek beste ekimen batzuk publiko egingo dituzte.