Gerdauk (Sidenor) aldi baterako ehundik gora langile kaleratu ditu
Hedabideetan argitaratu denez, Gerdau (Sidenor) lantegian aldi baterako eta errelebo kontratua duten beharginak kaleratzeko aukera aztertzen ari dira. Honi buruz ELAko Metal federazioak jokabide hori salatu eta deitoragarria ikusten du enpresak lan kontuei buruzko erabakiak komunikabideetan zabaltzea langileen ordezkariekin hitz egin ordez. Are gehiago errelebo-kontratuz ari direnak kaleratzea aipatzen denean; honelako albisteak hedatzearen xedea langileen artean alarma piztea besterik ez da.
Sidenorrek aurten dagoeneko ehundik gora aldi baterako kontratu amaitu ditu Basauriko lantegian. Plantilla “doitzeko” modu hau harritzekoa da, produkzio markak hausten baitarama hainbat hiruhiletatik hona. Gainera, Lan-Ikuskaritzaren eskariari entzungor egin diote, izan ere, aldi baterako kontratu horiek irregularrak zirelakoan zuzendu beharrekotzat jotzen baitzituen administrazioak.
ELAk salatu egin du Gerdauko zuzendaritza beldurra zabaltzeko egiten ari den ahalegina, hurrengo hitzarmenean murrizketak egiteko asmoz. Gainera, gure ustez UGT, CCOO eta USO sindikatuak laguntzaile gisa jokatu baitute, errelebo-kontratua zuten langileei kontratu mugagabea egiteko betebeharra kendu baitzuten. Sinatzeko duten erraztasun horrekin enpresari lasai jokatzeko aukera eman diote, eta pertsona horiek nahierara erabiltzen ditu, hitzarmenean doikuntzak ezartzeko trukerako txanpon gisa.
ELAk negoziazioan aurre egingo die asmo hauei eta babesa emango die Gerdauren xantaien aurka eta beren eskubideen alde borrokatzeko prest dauden langileei; ezin da ahaztu enpresa honek 2011n eta 2012an egundoko etekinak lortu eta produkzio markak hautsi dituela.