FISKALITATEA

ELAk salatu du enpresek abantaila fiskalak dituztela Kontzertu Ekonomikoaren bidez

2026/05/13
ELAk salatu du enpresek abantaila fiskalak dituztela Kontzertu Ekonomikoaren bidez
Sozietateen zergaren bilketa 37 milioi euro jaitsi da 2018tik, eta lan etekinen gaineko PFEZaren atxikipenak 2.500 milioi euro baino gehiago igo dira.

Aste honetan, Bizkaiko Cebek patronaleko presidenteak, Guillermo Bucesek, kontzertu ekonomikoa enpresei laguntzeko erabiltzea eskatu zuen. Gaur, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak Kontzertua enpresen alde erabiltzen dela ziurtatu du. Datuek erakusten dute EAEko aldundien fiskalitatea enpresa-interesen alde egiteko diseinatuta dagoela.

2018. eta 2025. urteen artean, lan-etekinetatik eratorritako bilketa, hau da, langileen soldatetatik ateratakoa, % 50 baino gehiago igo da, eta sozietateen gaineko zergaren bilketa, berriz, % 2,55 jaitsi da, azken urteetako enpresa-mozkinen hazkundea gorabehera. ELAtik urteak daramatzagu ohartarazten langile-klasea dela zerga-sistemari eusten diona PFEZren eta BEZaren bidez, bilketa osoaren % 75
suposatzen dutenak.

Gogoratu behar da enpresei emandako lehentasunezko tratu hori sendotu egin zela 2025eko erreforma fiskalarekin, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek adostutakoa, non sozietateen gaineko zergan kenkari berriak onartu ziren. Gainera, azken urteotan, Kontzertu Ekonomikoa Espainiako Estatuan hartutako zerga batzuen ezarpena murrizteko edo oztopatzeko erabili da, hala nola energia-enpresen edo bankuen aparteko mozkinen gaineko zergen kasuan.

Guillermo Bucesi gogorarazi behar zaio, halaber, fiskalitateaz gain, Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak Irango egoerak eragindako krisiari aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, enpresei laguntzera bideratuta daudenak, eta
apenas ez direla hartu pertsona ahulei laguntzeko neurririk.

ELAk azpimarratu nahi du fiskalitatea beharrezkoa dela zerbitzu publikoak finantzatzeko, eta bilketa murriztera bideratutako edozein politika osasunaren, hezkuntzaren edo etxebizitzaren kalterako dela.
Patronalak, ordea, zerbitzu publikoen pribatizazioan sakondu egin nahi du.

Gaur egungo egoeran, fiskalitateak balio beharko luke langileriaren kontura inor ez aberasteko, Ukrainako gerrarekin gertatu zen bezala. Horregatik, krisi energetikoa
aberasteko baliatzen duten enpresen aparteko mozkinen gaineko zerga bat ezartzea ezinbestekoa da.

Era berean, ELAk uste du beharrezkoa dela gizartearen eta sindikatuen parte-hartzearekin benetako eztabaida bat irekitzea, zerga-bilketa handitzeko, enpresek gutxienez irabazien % 25 ordain dezaten, kapital-errentek lanaren errenten aldean duten tratu pribilegiatua desagerrarazteko eta iruzur fiskalaren aurkako kontrol publikoa handitzeko.