Lanbideko Orientatzaile Zerbitzuko langileen artean grebak jarraipen zabala izan du
2016/10/03
ELA eta LAB sindikatuek orientatzaileen gatazkagatik Lanbiden deitutako greba deialdiak jarraipen zabala izan du. Lanbiden orientatzaile gisa diharduten langileen %60ak bat egin du gaurko greba deialdiarekin; kolektibo hau ia 200 langilez osatuta dago, eta aurki kaleratuak eta ordezkatuak izan daitezke.
Gauzak honela, ia 100 langile elkartu dira mobilizazio egun honetan Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean, lanpostuen, lan-orientazio zerbitzuaren eta, orokorrean, Enpleguaren Euskal Zerbitzuaren kalitatearen alde.
Eusko Jaurlaritzak planteatu duen blokeoaren aurrean, Erakunde Autonomoan ordezkaritza dugun lau sindikatuok mahai negoziatzailearen irekiera eskaera bat erregistratu dugu; lau sindikatu hauek egoera konponduko lukeen adostutako proposamen bateratu bat dugu.
ELAtik dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari bere gain hartu dezan gatazka honetan daukan ardura. Ezinbestekoa da arlo sindikalarekin batzea eta egoera honi behar bezalako konponbide bat ematea.