Muñoz:"Fiskalitatean justizia handiagoa behar da, enplegua eta gastu soziala hobetu ahal izateko"

2013/03/05
Muñoz:"Fiskalitatean justizia handiagoa behar da, enplegua eta gastu soziala hobetu ahal izateko"
ELAko idazkari nagusiak gaur goizean esan du Nafarroan Europako batez besteko presio fiskala aplikatuz gero 2.070 milioi euro gehiago bilduko lukeela ogasunak. Adolfo Muñoz Txikik Iruñean egin den biltzar batean salatu duenez, euskal ogasunek ez dute iruzur fiskalari jazartzeko neurririk hartzen, eta patronalaren interesak babesten dituzte, hain zuzen hauek zergarik ez dutela ordaindu nahi erabaki dutenean.

 

ELAko idazkari nagusiak Mitxel Lakuntza Nafarroako koordinatzailearekin eta Mikel Noval arlo sozialeko arduradunarekin batera hitz egin du ia 500 ordezkari bildu dituen ekitaldian; ondoren manifestazioa egin dute Nafarroako Parlamentuaren egoitzaraino.

Muñozek nabarmendu du opari fiskalak hein handian espekulaziora eta kapitalen ihesera bideratu direla.

Murrizketei dagokienez, ELAko idazkari nagusiak argi utzi du ezinezkoa dela akordiotara iristea Rajoyren erabakiak onartzen dituztenekin: "Axola zaigun guztia, fiskalitatea barne, 'elkarrizketa sozialeko' izendatzen dituzten mahai horietatik aparte erabakitzen da; guk ez gara mahai horren inguruan eseriko".

Muñozen arabera, mobilizazio soziala da enplegu publiko zein pribatua sekulako abailan suntsitzen ari diren politika horiei aurre egiteko modu bakarra, eta gehitu du "enplegua galduz gero, duintasuna, zergetako dirua eta gizartearen kohesioa galtzen dira".

Hain zuzen, ELAko buruak dei egin du datorren martxoaren 16an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera, murrizte politikak salatzeko eta fiskalitate justuago baten alde egiteko.