Europako agintariek nazka ematen dute
ELAk galdegiten du datorren martxoaren 17an Europar Kontseiluak horrelako erabakiak bazter ditzala, eta immigraziorako bide seguru eta legezkoa ireki dezala, baita giza-arreta eskaini ere behar duten guztiei.
ELAren ustez, aspaldian EB mailan agintzen dutenak hartzen ari diren erabakien ondorioz lotsa ematen digu Batasun honetako kide izateak. Europako gobernuek erabakitako politiken ondorioa da milioika pertsonaren exodoa.
Greziar kostaldera iristen den jendearen %91 Siria, Irak edo Afganistandik dator, gatazka eta jazarpen bati ihesi. Europak, hain zuzen, ardura handia du beren herrialdeetan gertatzen ari denari buruz.
Europar gobernuei bost axola zaie jende honi zer gertatuko zaion eta Europa gotorlekua indartzeko erabaki ahartu dute. Baina emigratzen dutenena ez da plazerezko bidaia, behar gorriaren fruitu baizik, eta Europak badaki ihesak ez duela etenik izango. Horregatik, mugak areago ixtearekin eta pertsonei abere moduko tratua ematearekin gauza bakarra lortuko dute, jende gehiago hiltzea, bizimodu hobearen bila doalarik.
Halaber, ELAk nabarmendu nahi du agintari horiek ziniko hutsak direla; berriro ari dira agerian uzten ez dutela errukirik, adierazpenean hau idatzi baitute: “agiri honek estatu kideentzat ez du konpromiso berririk finkatzen birkokatze eta birfinkatzeari dagokionez". Aurreko konpromisoak, oso eskasak izanagatik, ez dira inondik ere bete.
Gure agintariek ez gaituzte soilik lotsarazten europar izateaz. Nazka ematen dute.