Muñoz: “Azken 50 urtetan langileen aurka izan dugun erasorik latzena pairatzen ari gara”
Muñoz: “Azken 50 urtetan langileen aurka izan dugun erasorik latzena pairatzen ari gara”
Nazioarteko Diru Kutxak erreforma estrukturalak egiten jarraitzea eskatzen du. Kapitalismorik basatienaren esentzia gorde nahi du erakunde honek. Beste erreforma laboral bat, kapitalari zergak jaistea, osasungintzan eta hezkuntzan berrordaina ezartzea… Egindako erreformak ez dira desegin behar. Munduko ekonomia eta politika gidatzen dute; krisiaren aurretik, ekonomia desarautu eta espekulazio-burbuilak sortze aldera, eta orain, kutxa publikoak hustu, ondasun eta zerbitzu publikoak esku pribatuetan utzi eta eskubide laboral eta sozialei erasotzearren.
Zer ondorio atera dugu Grezian gertatu denetik? Varoufakisek, ironiaz, Troikari gomendau zion zor handia duten estatuetan hauteskundeak bertan behera uztea. Ez da bateragarria, esaten zien ministro greziarrak, greziar herritarrek Syriza hautatu izana doikuntzak amai zitezen eta Troikak hauei eusteko xantaia egitea. Isiltasuna nagusitu zen: “Troikarentzat errazagoa da geuk bere politika ezartzea”, izan zen bere ondorioa. Varoufakisen ustez Eurogunea “pertsona zintzoentzako leku deserosoa” da. Erreferenduma deitu eta bere emaitzari entzungor egin zion Tsiprasi emandako egurraren ondoren, Troikak erabaki du honez gero ez dela inor antzekorik egitera ausartuko.
A zer demokrazia! Ez dago ñabardurentzako tarterik. Banku Zentrala, Eurotaldea, euroa, zorra… Europar eraikuntzaren xedea politika antisozialak aplikatzea zen. ELAk ohartarazi du sozialdemokraziaren jokabidea negargarria izan dela (Blair, Gonzalez, Schroeder…); bere lankidetzarik gabe, gertatu dena ezinezkoa izango zatekeen. Neoliberalismoa arbuiatzen dutenek beren herrietan kontsekuente izan behar dute eta Europaren auziari heldu behar diote. Halere, gobernuek politika egiterakoan ontzat ematen dituzte gero eta muga estuagoak, eta alderdiek sistemaren aholkuak bere egiten dituzte, hots, hauteskundeak “zentroan irabazten direla” dioten iritziak. Alegiazko zentro horrek zelai politiko guztia eskuinera eramaten du azkenean. Formulazio hori onartzeak alternatibak baztertzea dakar berarekin, pobrezia politiko handia ezartzen du eta hauteskundeak helburu bakar bilakatzen ditu.
Grezian gertatutakoak guretzat ere irakurketa badu. Zergatik? Grezian “memorandum” bat dago indarrean, espainiar estatuan bezalaxe. Ezin da onartu alderdiak erakundeetara iristen direnean sistemaren mugekin “harrituta” geratzea. Espainiar estatuan, Konstituzioko 135. artikulua erreformatu (zorraren ordaina beste guztiaren gainetik) eta Aurrekontu Egonokortasunerako Legea ezarri zenetik aurrekontu sozialak egiteko mugak oso estuak dira, horiei muzin egitea erabaki ezean (orain arte hau ez du inork egin) Horrek zer esan nahi du? Gastu-muga ontzat ematea (2016rako %0,3ko defizita), zorraren ordainari lehentasuna ematea, oinarrizko legeak politika uniformatu eta zentralizatzeko… Horri erantsiz gero fiskalitatea ez dela errotik aldatu nahi, diru-sarrerak gehitzeko, Iruñeko eta Gasteizko politikak doikuntzaren bidetik jarraituko du. Politika horiek ezarrita ezinezkoa da aldaketa politiko eta sozialik gertatzea.
Varoufakisek hauteskundeei buruz egin zuen gogoeta beldurgarria da. Baita egia ere. Burujabetza nazionalik ez dago, zordunen mesedetan. Hori Euskal Herrian ere gertatzen da. Premiazkoa da ikuspuntu nazional eta sozialetik klase politikoari eskatzea egin dezala hausnarketa Europari eta Estatuan indarrean diren oinarri politikoei buruz. Gauza asko behar dugu, baina inondik ere ez iparrik gabeko politika bat.
Beraz, aldaketa politiko eta soziala ez da soilik erakundeetara iristea. Jakina ezetz. Alternantzia (alderdien joan-etorria) ez da alternatiba (egiten diren politiken aldaketa). Boterea eta aldaketa gauza bera bailiran azaltzea hutsegite handia da, baina gainera ez da bat ere pedagogikoa, gizartea despolitizatzen duelako. Klase politikoari ikara ematen dio Europan azken 25 urteetan gertatu denari buruzko ondorioak ateratzeak, hots, politika zenbateraino bilakatu duten ezdeus. Esaterako, zenbat alderdik jasoko dute beren programan Konstituzioaren 135. artikulua eta Aurrekontuen Egonkortasun Legea ezabatzea? Zenbatek proposatuko dute erreforma laborala eta pentsioena bertan behera uztea?
Zerga-politikan aldatu al da ezer azken aldion? Onerako ez behintzat. Rajoyk errenta altuei PFEZa jaitsi egin die. EAJ eta PSEren arteko akordioak erruz erabiltzen ditu eufemismoak, esaterako “harmonizazioa”, eta fiskalitate oso injustua aplikatzen du, patronalak eskatzen duena. Jaurlaritzako industria sailak, esaterako, ebidentzia guztien aurka esaten du Sozietateen gaineko Zerga bidez EAEko enpresek estatukoek eta alemanek baino gehiago ordaintzen dutela. Hori gezurra da. Enpresek EAEn jasotzen dituzten hamaika dirulaguntza, kenkari eta hobariei esker estatuan baino zerga gutxiago ordaintzen dute. Handiek, txikiek baino gutxiago (ezta %6a ere). Eta iruzurra ez dugu aipatu ere egingo.
Nafarroako gobernu berria osatzeko programaren inguruko akordioak zer dio? Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta I-Ek baztertu egin dute aldaketa kualitatiboak egiteko aukera. EAErekin ez dago kontraesanik; haatik, aldaketa fiskalik gabe ez da aldaketa sozialik gertatuko. Aurrekontuetan islatzen ez den solidaritatea erretorika hutsa da. Oso larria da fiskalitateko alternatibak alderdien arteko eztabaidatik kanpo geratzea.
Aldatuko al du Nafarroako gobernuak CEN, CCOO eta UGTrekin osatutako sistema klientelarra? Programaren inguruko akordioak ez du sistemaren aldaketa orokorrik aipatzen. Kontua ez da klientelismoaren kide ez garenoi atea irekitzea, perbertsio hori aldatzea baizik. Erakunde horien interes zikinei ekin behar zaie. Benetako arazo zirenak (enplegua, immigrazioa, prestakuntza…) aitzakiatzat hartu zituzten, eta beraientzako finantzabide bihurtu. Gobernu berriak erakunde horiekiko hainbat hitzarmen berritu ditu. Aldaketa ez da hori.
Testuinguru politiko honetan zein da gure eginkizuna? Ezin dugu utzi irents gaitzaten. Ezker politikoaren indarra sindikatu eta mugimendu sozialok menpekotasunik ez onartzean datza, hein handi batean, baita sektore herrikoiek antolatu eta mobilizatzeko duten gaitasunean ere; hau da aldaketarako aukerak irekitzeko modu bakarra. Toki askotan, gehiegitan behar bada, energia soziala propio ahuldu dute sasi-progresismo baten poderioz. Erakundeetan ezkerrik ez da izango kalearen interpelazio autonomorik gabe.
HAZKUNDEA ETA DESBERDINTASUN AREAGOTUA. ELAren helburua da desberdintasunaren hazkundea eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean kokatzea.
Gobernuak harro daude hazkundeaz mintzatzen direnean. Gobernuek ez dute ezer egiten desberdintasunaren hazkundea geldiarazteko. BPGd-ak ez du gizon-emakumeen duintasun maila neurtzen. Hazkundea badaezpadakoa da, eta kanpo-faktoreek bultzatu dute (euroaren balioa, petrolioaren prezioa, turismoa…). Hazkunde honen “mirariak” galtzaileak ere eragiten ditu: soldatak eta gizarte-gastua. Kapitalaren kalterako neurri bat ere ez da hartzen.
Lanpostuak sortzen direla ere esaten dute. Enplegua zatikatzea ez da lanpostuak sortzea. Langabezia %16an dago, eta langabeen %52ak ez du prestaziorik jasotzen. Langabezia-gastua zeharo ari da jaisten langabeek prestazioa jasotzeko epealdia amaitzen ari delako. Hau drama bat da, baina Rajoyk arrakasta politiko gisa saldu nahi du (langabezia-gastua gutxitzea). Gainera, sortzen diren lanpostuak aldi baterakoak, lanaldi partzialekoak eta soldata oso urriekikoak dira. Patronalaren ordezkari batek esan zuenez, bere ustez
“zabor kontratu bakarra dago, langabezian dagoenak duena”. Edozein kontratu balekotzat hartzen dute, miserablea izanagatik ere.
Zer diote datuek? Soldatak inoiz baino zati txikiagoa dutela aberastasunaren banaketan. Gobernuek eta patronalak ez dute honetaz hitz egin nahi, eta gezurretan ari dira esaten dutenean ekonomiaren hazkundeak konponduko duela desberdintasuna. Negoziazio kolektiboa banatzeko tresna gisa ahuldu dutelarik, eta gobernuek uko egin diotenez fiskalitate eta gizarte-gastu bidez esku hartzera, desberdintasunak areagotu egiten dira.
Gobernuek bestelako politika batzuk egin litzakete, baina ez dute nahi. Hor dugu ELAk Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako HLEaren adibidea. EAJk, PPk eta UPyDk zeharo desitxuratu nahi dute. Legebiltzarraren erabakitzeko ahalmena patronalaren mesedetan erabiltzen dute; ez nolanahiko patronala: esaterako, Musikenen 12 orduz lan egitea inposatzen ari dena, orduko 5 euroren truke, edota euskal ogasunetan zergarik ordaintzen ez duena. HLE honen aurkako boza esplotazioa babestea da.
Zertan dira enpresen etekinak? Markak hausten ari dira; soldatak jaitsi behar direla dioten enpresarioek milioi askotako sariak jasotzen dituzte (supersoldatak, bonusak, pentsio eta kalteordainak…). Euskal Herrian eta gure mugetatik haratago baditugu adibideak. Euskalteleko zuzendaritzak jaso dituen bonusak dira krisi honetara eraman gintuen joeraren adibiderik argigarriena. Zuzendaritzak saritu egiten dituzte akziodunei errentagarritasunik handiena ematen dietelako: jendea zenbat eta gehiago esplotatu, are handiagoa da bonusa. Hau ezin da onartu, are gutxiago diru publikoz sortu zen enpresa batean.
ELAk desberdintasunaren hazkundea eta soldaten jaitsiera eztabaida politikoaren erdigunean kokatu nahi du. Eztabaida politikoak gero eta ezdeusagoak dira. Ez al dugu jakin nahi aberastasuna nola banatzen den? Politika egiten da ezer larririk gertatzen ari ez bailitzan. ELA lanean ari da eztabaida hau gizartean heda dadin; prekarietateari aurre egiteko eta antolakuntza sindikalari eta borrokari balioa emateko. Sindikatuaren etorkizuna sektore jakin batekiko konpromisoarekin lotuta dago: lan-baldintza negargarriak onartzera behartuta dauden pertsonekiko konpromisoa.
URRIAREN 24AN, ALTERNATIBA
Zer mezu eman nahi dugu Bilbon urriaren 24an izango den Alternatibarekin? Alternatiben herriarekin funtsezko zerbait adierazi nahi dugu, begibistakoa dirudien arren: demokrazian alternatibak badaude. Jendearen beharrizanei buruz eztabaidatu nahi dugu, eta bizimodu duina ekar dezaketen tresnei buruz. Kapitalismoaren diru-goseak ez du mugarik, eta pertsonak mespretxatu egiten ditu. Beste erakunde eta talde batzurekin batera hainbat alternatiba plazaratu nahi dugu: elikagaien burujabetza, finantzak, garraioa, zor publikoaren herritar ikuskaritza, aberastasunaren banaketa eta birbanaketa, TTIParen mehatxua...
Eta krisi klimatikoa? Atmosfera berotzen ari dela argi dago; sindikalismoak trantsizio energetikoan dauden enplegu-alternatibak aztertu behar ditu. Abenduan klimari buruzko goi-bilera izango da Parisen. Gobernuak saiatzen ari dira auzi honi buruzko eztabaida atzeratzen. Hazkundearen eztabaidak, ñabardurarik egiten ez bada, gure planetaren etorkizuna zalantzan jartzen duten efektuak ezkutatzen ditu. Ez dago erreakziorako asti handirik; aldaketa zientzilariek berek espero zutena baino askoz arinago ari da gertatzen.
NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA. Antolatu, esplotazioari aurre egiteko.
Soldata oso urriak, lanaldi luzeagoak, aldi baterako kontratuak… Azken mende erdian langileoi egindako erasorik latzena ari gara pairatzen. Hori da gobernuen eta patronalen asmoa; prekarietatea eurentzako helmuga estrategikoa da. Soldata urriak eta lanaldi luzeak, sarri ordaindu gabeak, etekinak gehitzeko. Haatik, ez dago arrazoirik, enpresek irabaziak handitzeko duten interesa ez bada, helburu bat ez betetzeko: duintasuna eta eskubideak dituen lana; soldaten erosteko ahalmena ez da gutxitu behar. Baina argi izanik auzia ez datzala arrazoietan, antolakuntza eta indarrean baizik.
Bizi dugun egoera hau iragankorra al da? Ez, iraunarazi egingo dute. Aurrerantzean ere langile-klasearentzako erabilgarri izan nahi badugu, batik bat prekarietatean bizi den kolektibo gero eta zabalago horrentzat, antolakuntza funtsezkoa da. Antolatzeko moduak baldintzatzen ditu emaitzak.
Patronalarekin sektore mailako akordiorik irits al daiteke? Kontua da edukiak zeintzu diren. Esaterako, Araba, Bizkai eta Nafarroako eraikuntzako hitzarmenak CCOOek eta UGTk sinatu dituzte, eta ez dira aplikatzen, ezta lan publikoetan ere. Gure helburua da sinatzen dena betetzea, baina soldatek garrantzia alde batera utzi gabe. Soldata horien aplikazioa bermatuko duten klausulak nahi ditugu; honelako klausulak legez egingarriak dira, baina patronalak ere erreformen irakurketa ideologikoa egin du, eta erreforma hauek ezarri nahi ditu. Sinatu berri dugu Bizkaiko Ehunen Merkataritzako Hitzarmena, eta honetan klausula horiek jasota daude. ELAk gehiengo absolutua du sektorean eta oso ondo deritzo akordioari. Erreformak zukutu egin ditugu, zirrikituak aurkitu nahian, baina patronalak esan duen bezala, “zertarako negoziatu, legeak nahi dudan guztia ematen badit?”.
Eta enpresa mailako negoziazioa? Patronalak blokeatuta dituen sektoreetan LABekin batera enpresetara eraman nahi izango genukeen beste negoziazio-alternatiba bat, baina ezinezkoa izan da. Bakarrik egin dugu, eta horrek ere badu balioa, besteak beste, sektoreko hitzarmenak ez direlako derrigor bete beharrekoak. Badakigu egin nahi duguna ezin dela esparru guztietara eraman, baina erreformak -eta honek ez du bueltarik- sindikalismoari, ELAri bezala beste guztiei, saihestu ezineko erronka bat ezartzen die: enpresetan oinarri sindikal antolatua izateko gauza ote garen. Negoziazio kolektiboa horren arabera garatuko da.
Antolakuntza, besterik ez… Lan-baldintza duinak lortu nahi baditugu egoera orekatu bat behar da. Indar sindikalaz ari gara, zuzenbidea (legea) euren alde baitago. Sindikalismoaren eginkizunik nagusiena ez da patronala eta gobernuak alda daitezen lortzea. Gure lana sindikatuari indarra ematea da nortasun kolektiboko adierazpide gisa, lan-munduko jendea antolatzea. Patronalaren fede ona espero duen sindikalismoa pikutara doa. “Sindikalismo indartsua -zioen sindikalista amerikar batek- enpresarioa tiranoa bihur dadin ekiditeko modua da”.
AUTONOMIA SINDIKALA EZIN JASAN
Gobernuak eta patronalak sindikalismo erreibindikatiboaren aurkako armak berritzen ari dira. Bitarteko guztiak erabiltzen dituzte beren funtzio antisoziala nabarmentzen dugunok estigmatizatzeko. Sindikatuaren eginkizun sozio-politikoak gogaitu egiten ditu, hain zuzen inoiz baino premia handiagoa den funtzioa alegia. Menpeko izatea eskatzen digute; amore ematea. Hori egin ezean, sistemak eraso egiten dizu.
ELAk Eusko Jaurlaritzaren jarrera oldarkorra nabarmendu du. Bai, izan ere, ADEGIren enpresa eredua babesten baitu, eta hor sindikatuok ez dugu lekurik. Ez dute bitarteko antolaturik nahi beren boterearen eta herritar zien langilearen artean. Industria sailburuaren ahotik datorren Gobernuaren mezu antisindikala onartu ezinekoa da.
Esaterako, ELAri kargu hartu diote Elkarrizketa Sozialeko Mahaian izan ez zelako. Hala da. Confebaskeko ordezkari batek Mahai honen helburua azaldu du; honela dio hitzez hitz: “Botere publiko orok bere politikak gizarte-eragileekin partekatutakoak bailiran aurkezterakoan bilatzen duten legitimitate plusa gutxietsita geratzen da, eragile nagusiak (ELA) uko egiten dionean, eta areago, zuzenean erasotzean”. Beraz, “bere politikak partekatuak bailiran” aurkeztea da helburua. Sindikatuok gobernuaren politika legitimatu behar omen dugu. ELAk ez du hori egingo, eta Jaurlaritzari eskatzen diogu gure autonomia errespeta dezala.
LHKren lehendakariak gutxiengo sindikalarekiko akordioen balioa nabarmentzen du. Horrek adierazten du arau demokratikoekiko eta euskal gehiengo sindikalekiko mespretxua. Gehiengoak zerbait onartzen ez badu, gutxiengoarekin adosten da. Confebasken, CCOOen eta UGTren posizioak aldezten ditu, baita Urkulluren gobernuak elkarrizketa sozialeko bere mahaiarekin egiten duena ere, non gutxiengoa dagoen. Patronalaren pribilegiozko posizioaz, ezta hitz txar bat ere. Akordio batera LAB erakartzeko bere ahaleginak porrot egin zuen. Estatuan kale egin duen eredu bat kudeatzeko akordioa zen, elkarrizketa sozialean zein CEOErekin sinatutako negoziazio kolektiboko akordioa klonatzeko.
Demokrazia posible al da sindikalismo ahuldu batekin? Ez. Sindikalismo indartsurik gabe demokraziarik ez dago. Orekarik ez duen gizartea ez da demokratikoa. Sindikalismoarekiko intolerantziak gizarte antidemokratikoaren aldeko apustua islatzen du, non ahulenak babesik gabe geratuko diren.
GATAZKA POLITIKOA LOKARTZEA INBOLUZIOA ONARTZEA DA.
Lehenik, diagnostiko bat definitu beharko litzateke. Estatuan ez da 1978ko prozesu eratzailea ordezkatuko duen antzeko ezer izango. Are gutxiago, estatuarena ez den burujabetzak aitortze aldera. Inboluzio aldian gaude oraindik; PPk eta PSOEk badakite euskal erakundeen eginkizuna zein den: Estatuaren erabakiak kudeatzea. LOAPAtik hona diagnostikoa berbera da, baina Estatua askoz oldarkorragoa da orain.
Egoera hau “marmotaren eguna”rekin parekatu duzu. Horixe baita, hain zuzen, Legebiltzarrean “estatus berri” bati buruzko proposamena lantzeko batzorde bat sortzea. Berriro hasteak, bere horretan, epe luzeko beste helbururik gabe, funtzio bat du: legealdiak agortzea, sakoneko arazoa saihestuz.
PSOE aliatua bailitzan aurkezten dute oraindik. Zergatik, ordea? Ez al zuen PSOEk berak Madrilen Estatutu Politikoa birrindu? PSOEren posizioa oso argia da: ez du aitortuko estatukoa ez den beste erabaki esparrurik; ez dago “berdinen arteko” harremanik. PSOE gertuago dago PPrekiko kontzentrazio gobernu batetik Espainian aldaketa kualitatiboak egitetik baino. Burujabetzaren esanahi politikoa gezatu nahi ez bada, PSOErekin ez dago zer eginik.
Estrategiak marrazteko lidergo politikorik ez dago? Ez. Azken bost urteetan gauza garrantzitsuak gertatu dira. Horietan nabarmenena, bat egite soberanistarako oztopo objektiboa zen borroka armatuaren amaiera. Hori gaindituta dago, eta ez litzateke bere ordez iraganaren inguruko kontakizunari buruzko gerra batean sartu beharko, normalizazioak ezartzen dituen aldebakarreko eskakizunak gorabehera. Sistema estatutarioaren agortze estrukturalari aurre egin beharko genioke, helburu partekatuak hautatu, krisiari heltzeko tresna politikoak finkatu, Estatutuak askatasunen aurka egiten dituenari erantzun, klase xeheen pobretzea borrokatu… Haatik, gauzak ez dira horrela egiten.
Beraz, alderdien arteko hegemonia da helburu bakarra. Horixe da lehentasuna. Alderdiek hegemonia lortu nahi horrek, legitimoa izanagatik ere, eragotzi egiten du nazionalismo espainiar inbolutiboari aurre egiteko behar-beharrezko diren minimo batzuk partekatzea. Hori da gure handicap-ik handiena. Mobilizazio sozialak interpelazio argia egin behar du perspektiba estrategiko gabezia gainditze aldera, eta ezin du saihestu eraikuntza nazionalean gizarte-ereduak duen garrantzia.
Arlo soziala ibilbidean zehar. PPren politika neoliberalak aplikatuz bere estatu-eredua finkatzen da. Oinarrizko legeak betetzeak doikuntza politikak ezartzea esan nahi du; gure eskumenei dagokienez, berriz, berton dugun fiskalitatea estatukoa baino injustuagoa da. Politika sozial gehiago eginez gero integrazioa bultzatzen da. Horiek bai liratekeela zeharkako politikak. Eusko Jaurlaritza, ordea, eroso dago botere ekonomikoak nahi dituen politikak aplikatuz. Izan ere, hor baititu bere aliatuak.