TTIP-i buruzko bozketa Europar Parlamentuan
ELAk gogoratu du aurreko hilean eztabaida eta bozketa azken orduan atzeratu zirela, teorian zuzenketa kopuru handia sartu zelako. Alabaina, antza bertan behera uztea areago izan zen erabaki taktiko bat; batik bat ISDSk (inbertitzaile eta estatuen arteko gatazkak konpontzeko prozedura) eragin duen mesfidantzak zalantzan jartzen zuen bozketaren emaitza, eta iritzi publikoak gai hau oso adi jarraitzen zuen.
Orain Parlamentuko lehendakari den Martin Schultz sozialdemokrata alemanak ISDSari buruzko zuzenketa berri bat proposatu du, eta honek bi talde nagusien arteko konpromisoa islatzen du, Europako Alderdi Popularraren eta Sozialdemokraten artekoa.
Batzordearen proposamenarekin bat, zuzenketak mantendu egiten du inbertitzaile atzerritarrentzako pribilegiozko mekanismo edo sistema bat, sistema judizial nazionaletatik at. Sistema honekin multinazionalen interesak betiere interes orokorraren gainetik geratzen dira.
ISDSaren funtsa ukitu gabe uzteko aldaketa txiki batzuk egin dituzte, hots, zerbait aldatzea ezer alda ez dadin.
Ez gaituzte engainatuko, saiatuko diren arren. Esango digute zuzenketak ISDSa TTIPetik ezabatzea bermatuko duela, eta garaipen handi bat izango dela. Baina hori ez da egia.
Garaipen bakarra TTIP baztertzea izango da.