ELAk bat egiten du DGT-ko trafiko langileen eskakizunekin

2015/10/20
Lan-baldintzen prekarizazioa ikusita, eta zerbitzu publiko hau pribatizatzeko arriskuaren aurrean, ELAk bat egiten du zerbitzu horretako langileen eskakizunekin, zerbitzua publikoa eta kalitatezkoa izaten jarraitze aldera.

Azken urteotan gero eta nabarmenagoa izan da DGTk trafiko-azterketen zerbitzu publikoarekiko duen interes eza, eta daraman kudeaketa eskasa (ez da neurririk hartzen azterketen kalitate-protokoloak betetzeko, ez da kontrolatzen erakunde laguntzaileen jarduna…).

Horrekin batera, orokorrean, zerbitzuko langileen baldintzen gainbehera eta prekarizazioa dugu, eta bereziki, trafiko-aztertzaileenak, ahaztu gabe azken urteotako pribatizazio-joera, dagoeneko pribatizatu baitira gida-baimenak berritzea, matrikulazioak, autoeskola-irakasleentzako ikastaroak… Ondorioz benetako arriskua dago zerbitzua are gehiago hondatzeko, eta guztiz pribatizatzeko.

Langileen kidego horrek eskatzen du:

  • Prebentzio-neurriak hartzea, osotasun fisikoa ziurtatzeko.

  • Jasateko moduko lan-kargak, kalitate-estandarrak, ordutegi-mugak eta atsedenaldiak errespetatuz.

  • Lansariak zereginen arabera balioestea, postuen ezaugarriak kontuan hartuz (nekagarritasuna, arrisku-maila…)

ELAk apustu egiten du azterketen zerbitzu publiko eta kalitatezko baten alde, eta langileen baldintza hobe batzuen alde; horregatik, dei egiten du elkarretaratzeak egitera Donostiako eta Bilboko Gobernuaren Ordezkariordetzen aurrean, urriaren 21ean goizeko 11:00tan Donostin eta 12:00etan Bilbon.