Erreformak langile-klasea txirotu eta lan-harremanetan enpresen boterea areagotzen du
Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiarekin batera, Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren-albokoa, eta Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak hartu dute parte agerraldi publikoan.
ELAren iritziz, erreforma honen edukia CCOOek eta UGTk CEOE eta CEPYMErekin sinatutako akordioarekin bat dator. Sindikatuok 2012, 2013 eta 2014rako erosteko ahalmenean galera handia onartzen dute, baita enpresarioaren erabakiz malgutasun laborala gehitzea ere.
Bestalde, Lan-legeen eta negoziazio kolektiboaren erreformak nabarmen utzi ditu Confebasken Mahaiko “negoziazio” horretan parte hartu dutenak. Izan ere, patronalak erreforma honekin nahi zuen guztia lortu du, eta bazekien Raxoiek zer asmo zuen.
Muñozek mobilizazioen erronka bere gain hartu duela ELAk, azpimarratu du. “Otsailaren 25ean Bilbon egingo den manifestazioa, hainbat sindikatu eta gizarte-mugimenduk deitua, erreforma honen salaketa ozena izan behar da, eta politikak erabat aldatu daitezela exijitzeko oihua, deialdiko manifestuak dioen moduan”. ELA prest dago dagoeneko eratu den espazio honetan aurrera egiteko, mobilizazio gehiago deituz, ezer baztertu gabe. Batetik, lan-legeen eta negoziazio kolektiboaren erreforman sartu dituzten neurri latzak salatzeko, eta bestetik, eskubide laboral eta sozialen aldeko politikak eskatzeko.