ELAk exijitzen du banku eta kutxak behartu ditzatela alderdi politikoei barkatutako kredituen berri ematera
PSOEren eta PPren gobernuek lau finantza-erreforma egin dituzte, baina ez da deus aldatu; bankuek ez dute krediturik ematen. Dena gezur itzel bat besterik ez da. BANKIArekin gertatu denak (23.500 milioi euro zor publiko bihurtuko dira, eta horrek murrizketa gehiago egitea ekarriko du) adierazten du zenbaterainoko hipokrisia eta arduragabekeriaz jokatu den, eta areago, botere ekonomikoaren lotura gobernuekiko erabatekoa dela.
Banketxeei era guztietako laguntzak eman dizkieten bitartean, zeharka zein zuzenean, gobernuek (edozein koloretakoek, estatuan eta beste esparruetan), murrizketa eta erreforma latzak ezarri dituzte, zeinek langabezia eta txirotasuna hedatu baitute. Egoera honi “kontu publikoetan egindako harrapaketa” deitu genion, eta jarrera teatralak gorabehera, politikaren konplizitateari esker ari da gertatzen.
Oso deigarria da Europako Kontseiluak eskatu zuen GRECO txostenak zein oihartzun txikia izan duen; txostenak garrantzi handiko bi gai aipatzen ditu:
1. Bankuek sarri alderdi politikoei emandako maileguak barkatu egiten dituztela.
2. Ustelkeria era hau espainiar estatuan oso hedatuta dagoela. Bankuek ez dute zorrik musutruk barkatzen.
ELAk erabateko gardentasuna eskatzen du horrelako garrantzia duen gai honetan. Auzi hau ezkutuan mantentzen da; harritzekoa bada ere, honetaz inork ez du ezer esaten, ez banketxeek, ez agintariek, ezta Espainiako Bankuak edo Kontuen Auzitegiak ere.
Salatzen ari garena ez da susmo bat; aitzitik, ziur gaude bankuei gai askotan alderdi politikoek ematen dieten mesedezko tratua ere (laguntzak, neurrira egindako legeak, jazartzen ez diren delituak, indultuak...) horren ondorio dela. Demokraziak funtzionatzea ezinezkoa da egoera horiek ontzat ematen badira.
Gardentasuna eskatzen dugu ere euskal kutxen jardunari dagokionez, orain KUTXABANKen batuta dauden BBK, KUTXA eta VITAL, eta Caixabanken sartuta dagoen CAN erakundeei alegia. Jakin nahi dugu alderdiek administrazio-kontseiluen kontrola lortzearren izan duten lehiak zerikusirik ote duen goian aipatutakoarekin.