ELA OIT-ko Europako Bilera Erregionalean

2013/04/15
ELA OIT-ko Europako Bilera Erregionalean
ELA-k parte hartu du Apirilaren 8 eta 11 bitartean Oslon izan den OIT-ko 9.Europako Bilera Erregionalean. Bertan Europa eta Asia Zentraleko 50 herrialde baino gehiagoko gobernu, sindikatu eta patronalak bildu dira.

Aurtengo bilerako gai zentrala lana, hazkundea eta justizia soziala izan dira, egun Europa osoa astintzen ari den krisiaren markoan, eta hau aztertzeko hainbat bilera eta panel izan dira.
Europar Batasuneko langabezi tasa % 10ekoa eta gazteen langabezi tasa % 25ekoa (herri batzuetan % 50 gainditzen dute) diren bitartean, patronalak lan-merkatua malgutasun handiagoa izatea eskatzen jarraitu du eta erreforma estrukturalak eta sendotze fiskalaren lerroan jarraitzea. Sindikatuek ordea murrizketen bidetik krisiari emandako erantzunen balorazio negatiboa egin dute. Erantzun hauek porrot egin dute eta ez dute soluziorik ekarri gizartera: prekarietatea handitu da, sindikatuek, negoziazio kolektiboak, eta eskubide sozial eta laboralek etengabeko erasoak jasotzen ari dira eta desberdintasunak handitu dira.
Konponbidea politiken aldaketa erradikalagatik etorri behar da; austeritate politikak enplegu politikengatik ordezkatu behar dira, enplegu duin eta kalitatekoengatik. Eta negoziazio kolektiboak aberastasunaren birbanaketarako tresna izan behar du, eta hondatzen ari dira.

OIT-ko zuzendaria den Guy Ryder-ek FMI, Europar Komisioa eta OIT-ren arteko kolaborazio estuago bat eskatu du, krisitik irtetzeko amankomuneko soluzioak aurkitzeko, nahiz eta bakoitzaren helburu politikoak ezberdinak izan. FMI eta Europar Komisioak ezin dute alde batera utzi alde sozial eta laborala euren politikak egiterako orduan eta hau OIT-rekin koordinatuz egin beharko lukete.
Konferentzia "Osloko Adierazpena: enplegu eta hazkundean konfiantza indar berritu" adierazpenarekin amaitu da. Aipaturiko adierazpena, OIT-k hurrengo urteetako funtzionamendurako irizpide moduan erabiliko du, baina sindikatuek nahi zutena baino ahulago geratu da patronalak presio handia egin duelako sindikatuentzat inportanteak diren elementu batzu ez sartzeko.