ELAk salatu du Lan Ikuskaritzan Mercedes-Benz lantegian sartzen ari diren neurriz gaineko milaka aparteko orduak

2015/09/14
Lan-karga etengabea eta egiturazkoa izan arren, behin-behineko kontratuez baliatzen dira txandaka, kontratu finko bakar bat ere ez egitearren. Langile horiek 12 orduko lanaldiak ere jasan behar dituzte muntaketa-lineetan.

ELA sindikatuak, Mercedes-Benz multinazional alemaniarrean duen atal sindikalaren bitartez, jakitera ematen dio iritzi publikoari Arabako lantegiaren egoeraren berri.

Azken hilabeteotan komunikabideek ezagutzera eman dutenez, ibilgailu berria urrats bizian ekoizten ari da. Merkatuan hain harrera ona izan duenez, enpresak behin-behineko langile ugari kontratatu ditu.

Eta guk jendaurrean salatu nahi dugu multinazionalaren portaera langile horiekiko.

Batetik, lan-karga etengabea eta egiturazkoa izan arren, behin-behineko kontratuez baliatzen dira txandaka, kontratu finko bakar bat ere ez egitearren.

Halaber, langile horien egoera ez da horregatik bakarrik prekarioa. Fakturazioa biziki goraka joan denez, langile horiek 12 orduko lanaldiak ere jasan behar dituzte muntaketa-lineetan.

Behin-behineko langile horiek, duten lan-egoera dutela, ez dute beste biderik, multinazionalaren eskakizunei men egitea baino, eta milaka aparteko ordu sartu beharrez daude.

Beraz, gertakaria salatu dugu, langileen kidego horren alde egiteagatik ez ezik, gure hiriak pairatzen duen langabezia-tasa izugarriagatik ere. Negargarria da ikustea nola jokatzen duen Mercedes-Benz tamainako industria-erreferentzia batek langabeziaren dramaren aurrean. Sartzen ari diren milaka aparteko ordu horien guztien partez lanpostu berriak sor litezke langabeentzat.

Horregatik ELA-Mercedes-Benz Atal Sindikalak barne bideetatik gauzak berroneratzen alferrik ahalegindu ondoren, aipaturiko egoera Lan Ikuskaritzan salatu behar izan dugu.

Bai Lan Ikuskaritzari, bai Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari berari eskatzen diegu ez begiratzeko beste aldera, eta horrelako enpresa-praktikak ezabatzen laguntzen duten lege-tresna guztiak erabiltzeko.

Lan Sailaren ardura da Alemaniako multinazional horri erakustea ez dela itxurazkoa babesgabeen dagoen langile-kidego batez baliatzea lanpostu gehiago ez sortzeko, langile-jendeak jasaten duen egoera den bezalakoa izanda.