ELAk salatu du 2026-2027rako ez dagoela beharrezkoa den euskarazko eskaintzarik
Aste honetan zehar Nafarroako Hezkuntza Departamentuak plazaratu berri du zein izango den Lanbide Heziketarako eskaintza hurrengo ikasturterako. Bertan adierazitakoaren arabera, 22 ziklo berri eskainiko dira eta horietatik soilik 3 izanen dira euskaraz. Hiru horietatik gainera, bat birtuala izango da, hau da, ez presentziala eta beste bat elebiduna, ingelesarekin.
Administrazioan Euskaraz Taldeak (AET) bultzatutako ekimenean, ikasturte honetarako Lanbide Heziketako matrikulazio garaian dokumentu ofizialetan ikasketak euskaraz egiteko aukera adierazteko laukia jartzea eskatzen zen. Bertan ikasle bakoitzak jarritako ziklo horiek euskaraz ikasteko nahia adieraz zezaketen.
Eskaera horietatik ateratako emaitzen arabera eta Hezkuntza Departamentuak ziklo berri bat sortzeko ezartzen duen gutxieneko ikasle kopurua aintzat hartuta (15), ikasturte honetan orain arte euskaraz eskaintzen ez diren hamabost ziklo berri martxan izan behar zirela ondorioeztatzen da.
ELAren ustez, honek argi uzten du Nafarroako Gobernuak askotan trabak jartzen dizkiola euskararen normalizazioari. Behin baino gehiagotan balizko “eskaera kopuru falta” jartzen du aitzaki bezala hainbat esparrutan. Oraingoan ordea, interesik ez duenean, eskaera hori zein den jakitea ere ukatzen duela agerian geratzen da, kostata eta traba guztien gainetik bere burua behartuta ikusten ez badu.
ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio euskarazko ikasketen eskaintza berma dezala etapa eta ikasketa maila guztietan, eta horretarako beharrezkoak diren tresna guztiak abian jar ditzala.