Zerga-sistema injustua dugu, iruzur izugarriarekin
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, bere albokoa den Amaia Muñoak eta Iñaki Zabaleta azterketa bulegoko kideak aurkeztu dute gaur goizean Bilbon mintegi hau.
Mintegiaren lehen jardunaldian, ekainaren 18koan, UPV-EHUko irakasle diren Ignacio Zubirik eta Lourdes Sernak hitz egingo dute, Carlos Sánchez Mato ekonomilariarekin batera. Besteak beste, euskal fiskalitatea, zeharkako zergak eta iruzur soziala aztertuko dituzte, baita paradisu fiskalen eragina eta hauek desegiteko aukerak ere.
Bigarren egunean, hilak 19an, hausnarketa egingo da eskumen-markoaz, hizlariak Mercedes Vallejo doktorea, Mikel Aranburu nafar Ogasuneko ikuskaria eta Maria Pazos Instituto de Estudios Fiscales-eko arduraduna izango direlarik.
Jardunaldia amaitzeko Muñoz idazkari nagusiak eta Mikel Noval arlo sozialaren arduradunak fiskalitatean ELAk aldezten dituen alternatiben berri emango dute: Besteak beste, iruzur fiskalaren jazarpenerako neurriak eta PFEZ egitura justuagoa, kapital-errentei ematen zaien pribilegiozko tratua amai dadin.
Halaber, ELAk exijitu du aldian-aldian iruzur fiskalari buruzko ikerketak egitea eta parte hartzea irekitzea, zerga-politikan sindikatuen ahotsa ere entzun dadin.