Behar dugun politika soziala lortzeko zerga sisteman dagoen injustiziarekin amaitu behar da

2015/06/19
Behar dugun politika soziala lortzeko zerga sisteman dagoen injustiziarekin amaitu  behar da
Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusiak eta Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak eman diete amaiera gaur fiskalitatearen inguruan bi egunez ospatu den mintegiari Donostian. Muñozen azpimarratu du behar dugun politika soziala lortzeko zerga sisteman dagoen injustiziarekin amaitu behar dela. Bigarren egun honetan, eskumen-markoaz aritu dira ere, Mercedes Vallejo doktorea, Mikel Aranburu nafar Ogasuneko ikuskaria eta Maria Pazos Instituto de Estudios Fiscales-eko arduraduna.

Muñozen hitzetan fiskalitatea betidanik izan da garrantzitsua, baina orain are gehiago. Ezin da sistema kapitalistak baztertzen dituen milaka pertsonak babestuko dituen politika sozialik egin, baldin eta kapitalari zergak ordaintzea barkatzen bazaio.

Bere iritziz ez da harritzekoa zerga-politika bidegabe bat salatzen dugunean mespretxuz hartzea, gauza hauei buruz hitz egiteko eskubiderik ez dugula eta hauteskunde politikoetan parte hartzeko esatea. ELAk inoiz ez du onartuko patronalak eta gobernuek mugimendu sindikalari inposatu nahi dioten eginkizun mugatu hori. Sindikatuak iritzi politikoa du; desberdintasun sozialak areagotzen ari direla ikusten du, eta gizartean dago beste politika publiko batzuk baldintzatzeko. Ezinezkoa da politikak arlo sozialari lehentasuna ematea lehenik fiskalitatean sakoneko aldaketa bat egin ezean.

Muñoz mobilizazioaren aldeko apustua egin du.”Hau gabe aldaketa politiko eta soziala ez da sekula gauzatuko. Kaletik, autonomia osoz, sindikatuak interpelatu egin behar du; baita erakundeetara “aldaketa” direla iristen direnak ere”, adierazi du.

Mikel Novalek bere aldetik, ELAren alternatiba aurkeztu du. Proposamenak iruzur fiskalaren jazarpenerako neurriak eta PFEZ egitura justuagoa eta kapital-errentei ematen zaien pribilegiozko tratua amai dadin jasotzen ditu, besteak beste.

Halaber, ELAk exijitu du aldian-aldian iruzur fiskalari buruzko ikerketak egitea eta parte hartzea irekitzea, zerga-politikan sindikatuen ahotsa ere entzun dadin.

Mercedes Vallejo euskal finantza sistemari buruz aritu da, finantza eta zergetan autonomía izatearen garrantzia goraipatuz, ezin baitira gizartearen beharrak asetzeko politika egokiak egin beste gobernu edo administrazio baten menpean egonik. Ildo horretan, euskal sistemaren berezitasunak azaldu ditu, gastu gehiena Eusko Jaurlaritzak egiten duen bitartean diru-sarrerak Foru Aldundien esku baitaude.

Aldiz, Mikel Aranburuk Nafarroako zerga-sistema aldatzeko premia azpimarratu du “orain arte ez baita egin politika fiskal propiorik, borondate politikoaren eta momentuko indar erlazioen arabera estatuarekin hitzartutakoa baizik”. Horretarako hainbat neurri proposatu ditu, hala nola ispektore gehiago kontratatzea, baliabide gehiago erabiltzea, partehartzen dutenen formakuntza hobetzea eta dagoen informazio sistema garatzea.

Bestalde, Maria Pazosek fiskalitatearen eta gizarte ereduaren hausnarketa feminista egin du; zergen estruktura berak, eta batez ere PFEZak, ezberdintasunak nabarmentzen baititu emakumeen eta errenta baxuena duten pertsonen kaltetan. Egitura hau aldatzeko proposatu du PFEZaren aitorpen bateratua kentzea, aitatasun baimena amatasun baimenarekin berdintzea eta asteko 35 orduko lanaldiak ezartzea, besteak beste.