Bizkaiko Metaleko negoziaketa mahaia izango da euskaraz normaltasunez negoziatzeko lehen aukera
Uztaila hasieran ELAk eskaria luzatu zion Lan Harremanen Kontseiluari (LHK), sektore mailako hitzarmenen negoziazioetan trebatutako aldi bereko itzulpen zerbitzua martxan jartzeko. Izan ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko, eragileen ordezkari guztiek euskara ulertu ezean, ezinbestekoa da kalitatezko itzulpen zerbitzua ematea euskaraz negoziatzeko aukera izan dezaten hala nahi duten ordezkariek. Bada, eskatutakoa aplikatzeko lehen aukera izango da irailaren 3an, Bizkaiko Metaleko negoziazio mahaian. Halere, Lan Harremanen Kontseiluak ez du oraindik konfirmatu ordurako zerbitzua eskainiko duenik.
Uztailean, Lan Harremanen Kontseiluak ez zion ELAren proposamenari erantzun; are gehiago, negoziazio mahai bakoitzean euskara erabiltzeko aukera sindikatu eta patronalen artean adostera deitu zuen. Erakunde publikoa izan arren, herritarrei egotzi zien hizkuntza eskubideak gauzatu ahal izatea, kexu da sindikatua.
ELAren helburua negoziaketa guztietan euskaraz aritzeko baldintzak bermatzea da eta iraganean baliabideak eskatu ondoren Lan Harremanen Kontseiluak eskaerari muzin egin zionez, ELAk publiko egin zuen irailetik aurrera sektore mailako 27 negoziaziotan ez ziola uko egingo euskaraz aritzeari eta baliabiderik egon ez arren, ELA euskaraz arituko zela. Irailaren 3an Bizkaiko Metalaren negoziaketa izango da negoziatzaile guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko lehen aukera.
Aldi berean, eta eskari honek indar gehiago izan zezan, ELAk idatzi bat bidali zien uztailan Bizkaiko Metalaren beste negoziatzaileei bat egin zezaten aldarriarekin, euskaraz aritzeko gonbidapena egin zien eta Lan Harremanen Kontseiluari itzulpen zerbitzuak eskaini ditzala eskatu diezaiotela eta, modu horretan, negoziaketak euskaraz ere egiteko aukera izan dadin edo. Bestela esanda, Bizkaiko Metaleko negoziatzaileak ez daitezen gaztelaniaz aritzera behartu.
Irailaren 3an, Bizkaiko metaleko negoziazio mahaia izango da lan hitzarmenen negoziaketetan hizkuntza eskubideak bermatzeko lehen aukera. ELAren ustez, LHK-k bi aukera izango ditu: Kalitatezko aldi bereko itzulpen zerbitzua jarri eta denen hizkuntza eskubideak errespetatzeko erraztasunak eman, edo negoziaketa mahaiko ordezkarien esku utzi hizkuntza irizpideen erabakia aldi bereko kalitatezko itzultzaile zerbitzua jarri gabe. “Bigarren aukera gailentzekotan, garbi utziko du ez duela bere eginkizuna betetzen, hau da, ez diela negoziaketa errazten bi aldeetako ordezkariei”, dio ELAk.
Sindikatuak berretsi du negoziatzaile guztiek eskubidea dutela beren hautazko hizkuntzan aritzeko. Gauzak horrela, ELAk dio ez diola uko egingo euskaraz negoziatzeko eskubideari eta ez duela onartuko gaztelania inposatzea. Era berean, beste sindikatuak eta patronala animatu ditu bat egin dezaten.