Etxebizitza Nafarroa

Jabe handien esku dauden 10 etxebizitzetatik 8 enpresa eta funts putreenak dira

2026/10/19
Jabe handien esku dauden 10 etxebizitzetatik 8 enpresa eta funts putreenak dira
Diru publikoarekin eraikitako etxebizitza babestuak putre funtsen eskuetara iristen dira azkenean, eta funtzio soziala bete beharrean, aktibo espekulatibo bihurtzen dira.

Nafarroako araudiaren arabera, pertsona fisiko edo juridiko bat etxebizitza jabe handitzat hartzen da baldintza hauetako bat betetzen badu: Estatu osoan 10 etxebizitza baino gehiago izatea, edo Nafarroan eremu tentsionatu izendatutako udalerrietako batean 5 etxebizitza edo gehiago izatea.

Hortik abiatuta, Nafarroan 236 etxebizitza jabe handi identifikatu dira, guztira 6.425 etxebizitza dituztenak. Hau da, erregistratutako alokairu etxebizitzen parke osoaren % 30inguru. Eta etxebizitza horien %83,2 sozietateen jabetzakoa da.

Sozietate horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Adania eta hari lotutako sozietateak, 600 etxebizitza baino gehiago dituz; Testa Residencial (Blackstone), 500 etxebizitza baino gehiagorekin; Catella Group, Sarrigurenen gutxienez 168 etxebizitza kontrolatzen ditu, etxebizitza babestuko bi sustapenetatik datozenak; Errotabidea, Nafarroako Rural Kutxari lotutako sozietatea, alokairuko 340 etxebizitza inguru pilatzen ditu; eta baita Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutza ere, 500 etxebizitza baino gehiago dituena.

Testa Residencialekin edo Catella Groupekin gertatzen ari diren kasuek, gainera, errealitate honen alderdirik gordinenetakoa erakusten dute. Diru publikoaren laguntzekin eraikitako etxebizitza babestuak putre funtsen eskuetara iristen dira, eta, babes aldia amaitzen denean, merkatu librera igarotzen dira. Ondorioz, etxebizitza horietan bizi diren pertsonak kanporatzen dituzte edo alokairua modu guztiz abusiboan igotzen diete. Horrela, etxebizitza eskuragarria izateko aukera bermatzeko diruz lagundutako etxebizitzak, espekulaziorako ondasun bihurtzen dira, putre funtsei etekin pribatuak sortzeko helburuarekin.

Eta ez da kasu isolatu bat. Azken 35 urteetan Nafarroan eraikitako etxebizitza babestuen 58.656 unitateetatik, 32.387k babes ofiziala galduta zuten jada 2025eko urrian. Erdia baino gehiago.

Argi dago gero eta pertsona gehiago prekaritatera eta pobreziara bultzatzearen kontura negozioa egiten ari direnei izena jartzea ez dela nahikoa etxebizitza arazoarekin amaitzeko. Baina beharrezkoa da. Izan ere, enpresa, sozietate eta putre funts horiek dira ezer alda ez dadin presioa egiten duten lobbyak osatzen dituztenak. Kontrako norabidean indar handiagoa egitea baino ez zaigu geratzen, eta horretarako aukera ona izango da azaroaren 11ko Greba Orokorra.