Aske geratu dira ostiralean Guardia Zibilak atxilotutako ELAko lau kideak

2012/03/04
TOMAS ACHA S.L.ko gatazkaren atzean zergati eta interes laboralak besterik ez daudela adierazi zuen atzo ELAk ohar baten bidez.

Laudioko Tomas Acha S.L. enpresan lan-gatazka bat zegoen, izan ere, enpresak langileei soldata ez baitzien ordaintzen. Irtenbide bat bilatze aldera, langileek eta beren sindikatuak hainbat ekinbide erabaki zituzten: PRECOren eta Arabako Lan-Ikuskaritzaren esku hartzea, greba… ELAk gatazka honetan langileei babesa eman die

Enpresak 26 kaleratze zekartzan EEE bat aurkeztu zuen. Azkenik, negoziazio gogorren ostean, akordio bat iritsi zen: 15 langilek kontratua borondatez etetea onartu zuten, kalteordain baten truke.

Joan den ostiral honetan, enpresako jabeak ELAren Basauriko egoitzan langileen zor zitzaien zenbatekoa ematera joan zirenean (ELAk haiei dirua helaraz ziezaien) Guardia Zibila sindikatuaren lokalera joan zen, enpresak eskatuta, baina beren nortasuna ezkutuan mantenduz. Orduan ELAko lau militante atxilotu zituzten, estortsio delitua egotzita. Lau militanteok Gasteizko Komandantzian ostiral arratsaldetik iganderarte egon dira atxilotuta.

Harriduraz, ELAk salatu egin nahi du honelako jokabide neurrigabe eta injustua. Enpresak egin duenak, hots, sindikatuak langileen defentsan egiten duen lana kriminalizatzea, Guardia Zibilaren esku hartzea ekarri du.

ELA erabat ziur dago atxilotutako militanteek zuzen jokatu dutela, eta horregatik abokatu penalista talde bat deitu du defentsa juridikoa bermatzeko, baita sindikatuaren zein militanteon izen ona eta ohorea berreskuratzeko ere; bide batez, aztertzen ari da TOMAS ACHA SL enpresaren aurka salaketa faltsua egiteagatik ekinbideren bat egin ote daitekeen.