HAUTESKUNDE SINDIKALAK (2026-27)

“Datozen hilabeteetan 10.000 ordezkarien kopurua gainditzea da ELAren erronka eta horrek bere estrategia bermatuko du”

2026/09/29
“Datozen hilabeteetan 10.000 ordezkarien kopurua gainditzea da ELAren erronka eta horrek bere estrategia bermatuko du”
Mitxel Lakuntza: “Gure gehiengoak esan nahi du asmatzen ari garela hobekuntzak lortzeko konfrontatu eta lan-zentroak antolatzean, behar izanez gero greba ere eginez". Ane Zelaiak nabarmendu zuenez, “gero eta jende gehiagok erabakitzen du bide erosotik ez jotzea: lankideen interesen alde lan egitea ELAren ereduari helduz”. Datozen bederatzi hilabeteetan Hego Euskal Herriko ordezkari sindikalen % 42, ia erdia, jarriko da jokoan.

ELAk hauteskunde sindikaletako epealdi trinkorako (2026-27) prestatu duen kanpainaren berri eman du; sindikatuak Hego Euskal Herrian ordezkaritzaren ia % 36 dauka, hau da, gainerako sindikatuekiko alde oso handia (15 puntu baino gehiago bigarrenarekiko). Datozen bederatzi hilabeteetan (urritik ekainera arte) ELAren xedea izango da euskal langileriaren gehiengoak eman izan dion konfiantzari eustea: Azken itxiera ofizialaren arabera, % 40,30 EAEn eta % 23,29 Nafarroan. Mitxel Lakuntzak esan zuen legez, “hauteskunde sindikalak dira lan-zentroetako errealitate autoritarioan dagoen demokrazia zantzu bakarra; eta ordezkariak hautatzea da lan sindikalari, antolakuntzari eta bizi- zein lan-baldintzen hobekuntzari ekiteko modu bakarra; ELAri zilegitasuna eta indarra ematen diote Hego Euskal Herriko sindikatu nagusia izateak”.

Hauteskundeotarako hautatu den leloa da “ELArekin gure lan baldintzak hobetu ditugu; con ELA ganamos”. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaz gain aurkezpenean izan da Ane Zelaia hauteskunde sindikaletako arduraduna. Hautatu den goiburuak azpimarra jartzen dio ideia bati: sindikatua tresna egokia da bizi- eta lan-baldintzen alde egiteko eta hobetzeko. Kanpainarako prestatu den irudian hainbat sektoretako ordezkarien testigantzarekin batera agertzen da Mitxel Lakuntza idazkari nagusia; sindikatuaren egitura haren milaka militanteentzat den babesa islatzen da horrela. 

Ane Zelaiak adierazi du ordezkariak ezinbestekoak direla eskubide laboral eta sozialak defenditzeko. Hauteskundeen arduradunak gogoratu du ELAk 9.934 ordezkari sindikal dituela enpresetan (8.237 EAEn eta 1.697 Nafarroan). “Jende honek hartzen duen konpromisoarekin erakusten du ELAri botoa ematea dela bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko bermerik onena; hauteskunde garaietan, politikoetan nahiz sindikaletan, organizazio guztiek egiten dituzte promesak. Baina ELA haratago doa. Emaitzak eta garaipenak aurkezten ditu... Hala berresten dute lan-zentroetan ELAren ordezkari diren milaka lagunek. Izan ere, epealdi trinko honetan ELAk erronka bat izango du, Hego Euskal Herrian 10.000 ordezkarien langa gainditzea; kopurua bera esanguratsua da”. Datuaren tamaina neurtzeko, EH Bilduk 1.400 zinegotzi ditu, eta EAJk 1.000 ere ez. 

Zelaiak gogoratu zuen duela 25 urte ELAk 8.100 ordezkari zituela. "Horrek esan nahi du ELAk lan-zentroetan dituen ordezkari kopurua % 20 hazi dela 25 urteotan. Hots, % 20 gehiago izan dira ELArekiko ardura kolektiboa hartzeko erabaki pertsonal eta demokratikoa hartu dutenak”. “Langileok guztiok bide erosotik ez jotzea erabaki dute: lankideen interesen alde lan egitea ELAren ereduari helduz, eta bizitza sindikalean aktibo izatea. Ordezkaritza sindikala ez da datu abstraktu bat: norbaitek ordezkari izatea erabakitzen duenean bere gorputza eta denbora sindikatuaren eta lankideen alde baliatzea erabakitzen du”. Gaur duela mende laurden baino ia 2.000 lagunek hartu nahi izan dute ELArekiko konpromiso hori. “Portzentajeak gorabehera -esan zuen Zelaiak-, hori demokrazia eta indar sindikala da”.

Bestalde, Mitxel Lakuntzak hauteskunde sindikalen zentzu politikoa nabarmendu zuen: “ELAk duen ordezkaritza maila handia da aitortzarik sendoena, hainbat arrazoirengatik. Inork ezin du gure zilegitasuna zalantzan jarri, langileriaren babes demokratiko oso zabala baitu oinarri. Duela hilabete batzuek -gogoratu zuten- Confebaskeko buru den Tamara Yagüek galdetzen zuen zein ote den ELAren ekarpena... Bada, hauteskunde sindikalen emaitzak dira erantzuna: ELAk badu patronalak ez duen babes demokratikoa. Zer hauteskunde egiten da enpresen eremuan? Bada akta ofizialik, hauteskunde mahairik, kontrol publikorik...?”.

Gainera, erantsi zuen Lakuntzak, “berriro sindikatu nagusi izateak frogatzen du ELAren estrategia egokia dela: hobekuntzak lortzeko konfrontatu eta lan-zentroak antolatzean, behar izanez gero greba ere eginez, hau funtsezko tresna baita". Bide batez, honek adierazten du "euskal langileriaren gehiengoak hauteskundez hauteskunde ukatu egiten duela Eusko Jaurlaritzka, Confebaskek, CCOOk eta UGTk antzezten duten elkarrizketa sozialaren eredua”.