Condesa taldeko langileek bat egin dute greba deialdiarekin
Manifestazio amaieran irakurritako oharra:
Guk badakigu, eta enpresak ere hala aitortzen du, Condesa taldeko lantegiak bideragariak direla. Halere, Zuzendaritzak izugarrizko zuloa eragin du kontuetan. Berriro diot: lantegiak bideragarriak izan arren, kudeaketa ezin okerrago batek 300 milioitik gorako zorra pilatu du.
Zor hori sortzeaz gainera, enpresako Zuzendaritzak langileak mespretxuz tratatzen ditu. Ezkutuan egiten du dena. Uztailaren 15etik hona aurre-konkurtso egoeran gaude, baina ia ez daukagu horri buruzko informaziorik. Badirudi laster sartuko garela hartzekodunen konkurtsoan.
Badakigu inbertsio-funts bat baino gehiago zelatan dagoela. Putreak beti dabiltza hegan, zoritxarren bat topatu nahian. Guk plantillentzako egonkortasuna emango duten proiektu industrialak defendituko ditugu, orain arte bezala. Ez dugu nahi gure eskubideekin jokatuko duten espekulatzailerik.
Gaur manifestazio honetara Nafarroa, Valentzia, Asturias eta Arabako langileak etorri gara. Guztiok ahalegin handia egin dugu borroka komun batean agerraldi bateratua egiteko. Bat gatoz enplegua eta lan-baldintzak defenditu behar direla. Bat gatoz lantegi guztientzako proiektu industrial batean sinesten dugula, eta horren alde borrokatzeko prest gaudela.
Une hau baliatu nahi dugu taldeko Zuzendaritzari hainbat mezu helarazteko. Beste batzutan ere aiptu izan ditugu, baina gaur guztiok batera kalean egingo dugu, sei lantegietako langileok:
-
Bideragarritasun plan bat exijitzen dugu, taldeko lantegi guztientzako proiektu industrial bat. Hau litzateke gutxieneko eskaria.
-
Zuzendaritzak bere jarrera prepotentea bazter dezala eskatzen dugu. Langileei ematen dien tratua ezin da onartu. Gardentasunak eta informazioak izan beharko lukete bere jokabidearen araua.
-
Gure lanpostuak eta lan-baldintzak ez daude salgai. Defenditu egingo ditugu, gero eta mobilizazio gogorragoekin.
Erakundeen egitekoa ere aipatu beharrekoa da. Orain arte baino askoz gehiago egin behar dute. Administrazioekin izan ditugun bileretan ez digute argitu Zuzendaritzak pilatu duen zorra nondik datorren. Gainera, enpleguaren aldeko inolako neurririk ez dute hartu; ondorioz, Zuzendaritzaren konplize bihurtu dira. Eragindako erakunde guztiei eskatzen diegu Condesa taldeko langileen alde jar daitezela, eta behar dezatela Zuzendaritza azalpenak ematera; jakin nahi dugu egoera honetara nola iritsi garen, eta bideragarritasun plan bat egitea ezinbestekoa da.
Azkenik, eskertu nahi dizuegu Condesako langileoi greba deialdi honi emandako babesa, eta manifestazio honetara bildu zareten herritarroi zuen elkartasuna.
Gure enpleguaren eta lan-baldintzen aldeko borrokari eutsiko diogu
CONDESA IRTENBIDEA!!!
ELA LAB CCOO UGT
Mieres, Berriobeiti, Lesaka, Legutio eta Saguntoko enpresa-komitea